Oñatiko udala

Kirol arloan ohiz kanpoko jarduerak antolatzeko diru laguntzak emateko oinarri arautzaileek hizkuntza eskubideak urratzen dituztelakoan Oñatiko udala epaitegietan salatu du Carlos Urquijo gobernu ordezkariak.

2014/04/11

  Ez da lehen aldia Carlos Urquijok hizkuntza eskubideak urratu ditzakeela eta, Oñatiko udalaren kontra jotzen duela. Orain arte dena den, dokumentazio osagarria eskatu edo arauren bat aldatzeko errekerimenduak egin dizkio. Baina oraingoan haratago joan da eta epaitegietan salaketa jarri duenaren jakinarazpena jaso berri da udaletxean.

  Pasa den urtarrilaren 8ko dataz Carlos Urquijok sinatutako errekerimenduan kontratazio administratiboetan hizkuntza irizpideak txertatzearen inguruan argibideak eskatzen zituen. Bai zentzu horretan udal plenoak onartutako hasierako arautegiaz eta baita gerora, zenbait erakunde salatzen ari zirela ikusita, arautegia bertan behera uzten zuen Osoko bilkuraren erabaki berriaz ere. Errekerimendu horri erantzunez idatzia bidali zitzaion urtarrilaren 31ko dataz.

  Herenegun berriz, ohiz kanpoko kirol jarduerak antolatzeko diru laguntzak emateko oinarri arautzailearen kontra, bide judizialetik jo dela jakinarazi da. Oinarrietan, diru laguntza jasoko duten erakunde eta taldeen betebeharrak zehazten dira, tartean euskararen arlokoak. Ekintza edo jarduerak iragartzearakoan euskarari lehentasuna eman beharko zaiola jasotzen du arautegiak. Hala, diru laguntzetarako eskaerak eta txostenak gutxienez euskaraz aurkeztu beharko direla zehazten da. Ekintzan euskaraz egingo dela bermatzea ere eskatzen da eta publizitatea, esan bezala, euskaraz ere egitea eskatzen da. Hori da, ohiz kanpoko kirol jardueretarako diru laguntzen oinarri arautzaileetan euskararen erabilpenari egiten zaion aipamena.

  Euskararen arloko betebehar horiek hizkuntza eskubideak urratu ditzaketela uste du Carlos Urquijo gobernu ordezkariak eta horregatik, esan bezala, Oñatiko udalaren kontrako salaketa jarri du epaitegian. Horren berri ematen duen abisua Donostiako epaitegitik herenegun arratsaldean iritsi zen udaletxera. Auzi honetan udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradoreak izendatu dira jada.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!