Oñatiko udala

Katilu solidarioak kanpaina hasi du Hotz Oñati taldeak

2018/10/30
Card image cap
Greziako haurren marrazkiak dituzten katiluak Txokolateixan salgai daude eta herriko enpresetara ere zabaldu asmo dira

  Legazpitik iritsi da Oñatira Katilu solidarioak izeneko ekimena. SOS Errefuxiatuak elkarteak Atenasen duen harrera zentroko haurrek egindako marrazkiez apaindutako buztinezko katiluak dira oinarria. Hauek salgai jarri dira eta salmentatik lortzen den dirua SOS Refugiados eta Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEei helaraziko zaie, elkartasun proiektuak garatzen jarraitu dezaten. Katiluak 10 eurotan saltzen dira eta oinarrizko gastuak ordainduta geratzen diren 7 euroak, aipatu SOS Refugiados eta Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEei banatuko zaizkie.

  SOS Errefuxiatuak elkarteak ehunka errefuxiatu artatzen ditu Atenasen duen harrera zentroan, 300 gosari eta 600 bazkari inguru ematen ditu egunean. Itsas Salbamendu Humanitarioak berriz, Mediterraneoan lan egiten du itsasoa zeharkatu nahi duten migratzaileak hartu eta portu seguruetara eramanez. Egun ontzi bakarra ari da Mayditerraneo proiektuan, salbamendurako egokitu den euskal atun ontzi bat, hain zuzen ere.

  Lehen katiluak Txokolateixan jarri dira salgai, baina kanpaina herri osora zabaldu nahi du Hotz Oñati taldeak eta horretarako, herriko enpresa, ikastetxe eta langile boluntarioen laguntza bilatuko du. Asmoa, enpresa eta ikastetxeetan katiluak eskatzeko orriak jartzea da, bertako langile bat horiek zaindu eta jasotzeaz arduratuko litzatekeelarik. Bide horretatik ekimenari zabalpen handiagoa emango zaio eta katiluak eskaripean ekarriko dira, salmenta ziurtatuz. Hotz Oñati taldeak gainera, hileko bigarren zapatutan plazan jarri ohi duen informazio eta salmenta puntuan izango ditu, eta abenduko azoka solidariora ere eramango ditu.

  Hotz Legazpi taldeak pasa den udaberrian abiatu zuen elkartasun kanpaina berezi hau eta 1000 katilu inguru saltzea lortu zuen. Oñatiko taldeak kopuru zehatzik aipatu gabe, ahalik eta katilu gehien saldu eta noski, ahalik eta diru gehien batzea du helburu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!