Joera orokorra apurtuz, langabeziak behera egin du Oñatin urrian.

2014/11/05
Aurreko hilean baino 19 langabetu gutxiago zenbatu ziren eta tasa, % 9aren azpitik kokatu da berriro, % 8.93 da orain.

  Azken urtean sarri gertatu da Debagoiena, Gipuzkoa edo Hego Euskal Herrian nagusitu den joeraren kontra, Oñatin langabeziak gora edo behera egin izana. Oraingoan, joera nagusia goranzkoa izan da baina Oñatin, esan bezala, jaitsi egin da langabetuen kopurua. Herriko 469 langabetu erregistratu ziren LANBIDEko bulegoetan, irailean baino 19 gutxiago. Langabeziak, emakume nahiz gizonezkoen artean egin du behera gurean, nahikoa kopuru paretsuan gainera. Ondorioz, langabezian dauden emakumeen portzentajea bere horretan mantendu da. Lana topatu gura dauden 100 oñatiarretatik 57 emakumeak dira.

  Aipagarria da hori bai, adinari begiratuta, Oñatin langabeziak gora egin duela 25 urtez azpiko gizonezkoen artean. Gainontzeko taldeetan, murriztu egin da. Eta horrek guztiak, herriko langabezia tasa ehuneko 9tik behera ekarri du berriro. Une honetan, % 8.93 da. 2014. honetan, urrian ez ezik, maiatza, ekaina eta uztailean bakarrik erregistratu da %9aren azpiko langabezia tasa Oñatin. Joera honek jarraipenik izango ote duen ikusi beharko da datozen hilabeteetan.

  Azterketa epea zabalduz, iazko datuekin konparatzen badugu, momentuko egoera hobea da, iazko urrian baino 30 langabetu gutxiago baitaude orain eta langabezia tasa puntu erdi pasa baxuagoa da. Joera hori, dena den, aurten hilero antzematen ari gara.

  Eta fenomeno hori orokorra da, Gipuzkoa edo Hego Euskal Herri mailan ere orain urtebete baino langabetu gutxiago daude orain. Baina azken hilabetean, joera nagusia Oñatin gertatu denaren kontrakoa izan da eta  igo egin da langabezia, baita Debagoienean ere. Oñati bakarrik jaitsi da langabetuen kopurua, Leintz Gatzagan bere horretan mantendu da eta eskualdeko gainontzeko herrietan gora egin du.

Iturria: Oñati irratia