Jatorrizko egitarauari ia osotasunean eutsiz berrantolatu da Beratu jaialdia

2020/10/26
Azaroaren 4tik 8ra ospatuko da

  Martxoaren 25etik 29ra egitekoa zen Beratu jaialdia zazpi hilabete beranduago egingo da, datorren astean. Hasieran lotutako artista eta egitaraua kasik bere osotasunean programatzeko modua izan dute antolatzaileek. Hala, Markak dokumentalaz gain, Los Sara Fontan, Sua, Aitor Etxebarria, Hakima Flissi eta Joseba Irazoki zuzenean entzuteko aukera izango da. Martxorako iragarri zen Moi Moi orkestra magikoa karteletik jasi da eta bere ordez Gaizka Insunzaren emanaldia programatu da.

  Aurreko urteetako bidea jarraituz kontzertuak herriko hainbat tokitan izango dira, beti ere, edukiera mugatu eta kontrolatuarekin. Udazkena aurrera doala kontuan hartuta, emanaldi gehienak Santa Ana aretoan programatu dira. Hala, azaroaren 4ko dokumental emanaldia eta 6 eta 7k kontzertuak bertan izango dira. Ikuskizun hauetarako sarrerak salgai daude jada www.oñati.eus atarian eta Txokolateixan. Saio bakoitzeko txartelak 7 eurotan saltzen dira. Azaroaren 8ko kontzertuak berriz, doan izango dira. Hakima Flissik Lazarraga lorategian joko du, eguraldi txarra eginez gero Gaztelekuan,  eta Joseba Irazokik Antixena gaztetxean.

  Beratu jaialdia Durangoko Azokako Ahotsenearekin elkarlanean abiarazi zen 2018an. Antolatzaileen esanetan, Beratu jaialdia musika entzuteko esperientziaz gainera, Euskal Herriko musikaren topalekua izateko asmoz jaio zen, euskal musikaren nobedadeak eta korronte berriak ezagutzeko aukera eskainiz. Martxoko azken asterako iragarri zen hasieran baina osasun egoerak hala eraginda, atzeratu eta azaroko lehen egunetan berrantolatu da. Okerrik ezean, azaroaren 4tik 8ra Oñati euskal musikagintzaren topagune bihurtuko da hirugarren urtez.

Iturria: Oñati Irratia