Ingurumeneko logo berria eta erositako 3 kamioi aurkeztu ditu Debagoieneko Mankomunitateak

2016/11/16
Alboko kargadun hiru kamioi erosi ditu

  Azken hilabeteetan, Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletako hondakinen bilketa sistema aldatu dute eta edukiontziak jarri dituzte. Behar berrietara egokitzeko, hiru kamioi erosi ditu Mankomunitateak. Bide batez, hiri hondakinen bilketari dagokion logotipoa ere aldatu du; orain arteko selektiboak gara markaren ordez, irudi txiki berde ugariz osatutako aspa modukoa hautatu da Debagoiena-ingurumena idatziarekin batera.

  Edukiontzien sistemarekin atez atekoarekin besteko emaitza onak lortzen  ari direla azpimarratu zen atzo eguerdian egindako aurkezpenean. Debagoienean, gaika egiten den bilketa % 80 inguruan dagoela argitu zen. 

  Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletarako 348 edukiontzi berri eskuratu ditu Mankomunitateak, lau motatako hondakinak jasotzeko. Baina bilketa egiteko baliabide berriak ere erosi behar izan ditu: hiru kamioi, hain zuzen ere. Bi ibilgailu berri-berriak dira eta hirugarrena 0 kilometroduna. Guztira, 570 mila euro gehi BEZa inbertitu du Mankomunitateak.

  Hiri hondakinen bilketan egindako azken aldaketa hauek eginda, aurrera begira jarri eta zerbitzuaren optimizazioan sakontzeko asmoa iragarri dute Mankomunitateko ordezkariek, bereziki, barrura begira. Adibide moduan, jakinarazi dute badabiltzala Mondragon Unibertsitatearekin edukiontzien funtzionamendua hobetzeko ikerketa bultzatu nahian, bertako ikasleen proiektuak baliatuta.

Iturria: Oñati Irratia