Ingurumena eta Landa Garapena departamentuak aurkeztutako gaiak nagusi izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/06/15
Auzo bideen konponketa eta asfaltatzeaz edota 2017-2018 ingurumen ikerketa bekaz eztabaidatuko da

  41 gaiko lan zerrenda osatu da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako eta gehienak Hirigintza eta Zerbitzuak departamentuari dagozkion arren, Ingurumena eta Landa Garapena departamentukoak esanguratsuagoak dira.

  Auzo bideen konpontze eta asfaltatze planaz eztabaidatuko da arratsaldeko bileran. Auzo-alkateen foroan dauden behar eta premiak identifikatu eta lehentasunen arabera zerrendatu ondoren aurrekontuak eskatu dira hainbat bide asfaltatu eta beste batzuk konpontzeko. Aurrekontuekin jarraituz, 2017ko karduaren kontrol kanpaina egiteko aurrekontua ere jaso du ingurumen teknikariak eta halaxe jakinaraziko zaie gobernu taldea osatzen duten kideei. 2017-2018 ingurumen ikerketa bekaz ere berba egingo dute arratsaldeko bilkuran. Energia berriztagarriak Oñatiko udalerrian gaia zehaztu zen ikerketarako. 2017-2018 deialdia GoiEner kooperatibarekin batera egin zuen udalak eta guztira, 14.000 € jarri zen lana gauzatzeko. Apirilean argitaratu zen beka eskatu ahal izateko deialdia eta jaso diren proposamenak gaur aurkeztuko zaizkie alkate eta zinegotziei. Migelena, Natra-Santa Lutzia eta Jardiñazpi inguruak oinezkoentzako irisgarri egiteko bideragarritasun teknikoaren azterketak zer eman duen ere azalduko da.

  Bestelakoan, partikularrek etxean egin asmo dituzten lanetarako hainbat baimen eskaera jaso dira gaurko lan zerrendan. Uda badator, eta halakoetan, teilatuak konpondu, erreteilak egin edota fatxadak margotzeko eskaerak ugaltzen dira.

Iturria: Oñati Irratia