Ikastetxe eta mailaren arabera ostegunetik astelehenera bitartean hasiko da ikasturtea Oñatin

2018/09/05
Ikastolan zuzendaritza talde berria dute eta Urgain-Errekalden ez dira amaitu ikastetxea hezetasunetik babesteko lanak.

Ikasturte hasiera ezberdina izango dute herriko ikasleek aurten ere. Txantxiku ikastolakoak izango dira eskolara itzultzen lehenak. Ikastolan, bihar ostegunez ekingo diote 2018-2019 ikasturteari Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek. Bigarren Hezkuntzakoek berriz, bihar, aurkezpen saioak izango dituzte goizeko 11:00tan eta eskolak, ostiralean hasiko dituzte. Ostiralean baita ere eskolara itzuliko dira Urgain-Errekaldeko ikasleak eta Zuazola-Larraña institutukoek aurkezpena izango dute eguerdian.

Elkar Hezikoak izango dira berriz, ikasturtea beranduen hasiko dutenak, astelehenean. Haur eta Lehen Hezkuntzakoak eskolak hasiko dituzte eta  nagusienek aurkezpenak izango dituzte, DBHko lehen ziklokoek 10:00tan eta gainontzekoek, 10:30etan.

Eskolak hasterako galdara eta teilatu berritzeko lanak amaituta izango dira Zuazola institutuan, ez ordea Urgain-Errekalden. Ikastetxea hezetasunetik babestu eta sotoa birmoldatzeko lanak ez dira amaitu oraindik. Zarata handiena eragin zezaketen lanak bukatu dira eta baina lanean jarraitzen dute. Eta Txantxiku ikastolan ere lanean jarraitzen du zuzendaritza talde berriak, Itziar Arana buru delarik.

Oñatiko eskola agenda berria izango dute bestalde, 6-18 urte arteko ikasleek. Euskal mitologia lantzen du aurten eta marrazkigintza eta bertsolaritza uztartzen ditu. Iaz, Lehen Hezkuntzako 5. mailan zeuden ikasleek osatu dituzte eskola agenda berrian argitaratu diren bertso eta marrazkiak. Ahozkotasuna eta bertsolaritza eskola ordutan egin zuten lana eta Aitzabalgo altxorra, Aurrekomendi eta Aloñako jentilak, zubixa eta sorginak, suge iturri eta antzerako gai mitologikoak irudikatu dituzte. Mirari Sagarzazu eta Ane Agirreren gidaritzapean aritu ziren lanean. Liburuxka nagusiki ikasleek erabili ohi dute baina irakasle eta gurasoek ere badute bere atala, oharrak elkarri jakinarazteko. Eskola agendaren 1300 ale argitaratu dira. Aurrekontua berriz, 7.000 euro pasatxo izan da.

Iturria: Oñati Irratia

2018-2019 ikasturteko eskola agenda