Ikastetxe eta mailaren arabera hilaren 8an edo 10ean hasiko da ikasturte berria Oñatin

2015/09/03
Selektibitateko azken azterketak egingo dira 2015-2016 kurtso honen amaieran

  Ikasturte hasiera ezberdina izango dute herriko ikasleek aurten. Errekalde Herri Eskolan asteartean hasiko dira. Egun berean, bigarren hezkuntza eta lanbide heziketakoek aurkezpenak izango dituzte. Baina Txantxiku ikastolan eta Elkar Hezin, lehen eskolak, ostegunean, hilaren 10ean hasiko dira.

  Errekalde Herri Eskolako gurasoek gaur arratsaldean dute kurtso hasierari buruzko argibideak emateko bilera baina dagoeneko badakite, haurren lehen eskola eguna datorren asteartea izango dela. Bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasleentzat ere asteartea aurkezpen eguna izango da. Elkar Hezin, DBH 1-2 eta 3koek 10.00etan izango dute aurkezpena eta DBH 4 eta batxilergokoek, 10.30tan. Txantxiku Ikastolan, bigarren hezkuntzako ikasle guztiek, 11.00etan izango dute aurkezpena eta Zuazola eta Larraña institutuetan berriz, 12.00etan.

  Irailaren 9an, Arantzazuko Amaren egunean, ikastetxe publikoetan eskola izango dute eta Ikastola eta Elkar Hezin, jai. Beraz, bi ikastetxe horietan benetako lehen eskola eguna hilaren 10a izango da. Kurtsoan zehar ere, herriko jaixak, inauteri eta Aste Santuko oporretan ezberdintasun txiki batzuk izango dira herriko ikastetxeetako egutegietan.

  Hastear dagoen ikasturte hau selektibitateari agur esatekoa izango da, halako azken azterketak egingo baitira kurtso bukaeran. LOMCE legearen eskutik 2016-2017 ikasturtetik aurrera, batxilergo amaierako “errebalida azterketak” egingo dira baina unibertsitatera sartu ahal izateko azterketa orokorrak desagertuko dira.

  Zuazola-Larraña institutuan berriz, Hauspoa egitasmoa estreinatuko dute kurtso berri honetan. Hauspoa barne antolamendua berriztatzeko egitasmoa da. Eskolak goizeko 8.00etatik 14.00ak arteko ordutegi trinkoan emango dira eta arratsaldeak libre utziko dira ikasleek beste jarduera batzuk egin ditzaten. Baina aldi berean, ikastetxeak hezkuntza eskaintza aberastuz, arratsaldeko lehen ordu horietan bestelako aukera batzuk eskainiko dizkie ikasleei: kirol eta kultura arloko eskolaz kanpoko ekintzak, tailerrak edota errefortzuko eskolak. Hala, bazkalostean, ikastetxeko liburutegia eta informatika gela irekita egongo dira eskolako lanak eta talde lanak egiteko. Beharra duten ikasleei errefortzuko eskolak eskainiko zaizkie eta irakasleek nahiz guraso elkarteak antolatutako tailerrak egingo dira.

  Txantxiku Ikastolan bestalde, 2016-2017ko ikasturtean ospatuko dituzten urrezko ezteiak prestatzen jarraituko dute.