"Igelak" euskal produkzioaren estreinaldia Oñatin ere izango da ostiralean

2016/11/29
Maria Cruickshank oñatiarrak parte hartu du Patxo Telleriaren komedian

  Donostiako zinemaldian lehiaz kanpo aurkeztu ondoren, abenduaren 2an estreinatuko da Igelak komedia zinema aretoetan. Oñatin ere, ostiralean ikusgai izango da. Baina ez ostiralean bakarrik, asteburuko helduei zuzendutako emanaldietan pantailaratuko baita Patxo Telleriaren hirugarren film luzea den hau. Aipagarria da, Aitor Mantxola filmeko argazki zuzendaria izan dela.

  Komedia sozial gisa definitu dute pelikula, tonu arina eta egoera barregarriak izanik ere, etikaren eta norberaren portaeraren inguruko ondorioen hausnarketa ere zabaldu nahi duelako. Krisi ekonomikoaren testuinguruan, Igelakek kontraste mingarria eraman nahi du pantailara, batzuei oso gaizki joan zaien bitartean, beste batzei, berriz, oso ongi. Erreka zeharkatzen laguntzen dion igela ziztatzen duen eskorpioiaren fabulan oinarrituta dago istorioa. Pello da protagonista, banketxe sukurtsal bateko zuzendaria. Delitu ekonomikoak egin izana leporatuta, atxilotu egingo dute baina kartzelatik ihes egitea lortuko du eta igelen artean hartuko du babesa.

  Euskaraz filmatutako pelikula, jatorrizko bertsioan, euskaraz alegia, ikusiko dugu Oñatin.
Filmeko protagonista nagusia Gorka Otxoa da, eta bere ondoan, Mikel Losada, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga, Joxean Bengoetxea eta Maria Cruickshank oñatiarra, besteak beste. Maria Cruickshank Goenkale telesailean ikusi genuen lehenik eta zinean, Borja Cobeagaren eskutik Negociador filman estreinatu zen. Igelak bere bigarren film luzea da.

  Igelak ohiko emanaldietan pantailaratuko da gurean, ostiralean eta larunbatean, 22:30tan, igandean, 19:30 eta 22:30tan eta astelehenean, ikuslearen egunean, 19:30tan.

Iturria: Oñati Irratia