"Ideien garapen prozesua" izeneko tailerra antolatu dute Udalak eta Mondragon Team Academy-k

2019/03/14
Tailerra sei saiok osatuko dute

  Negozio ideia proiektu bilakatzeko, beste negozioetatik bereizteko, enpresako erronkari irtenbidea bilatzeko edota ideiak merkatuan izan dezakeen lekua kontrastatzeko formazio tailerra antolatu da Elkarrekin ekin egitasmoaren baitan. Tailerra sei prestakuntza saiotan gauzatuko da: martxoaren 27an, apirilaren 3 eta 10ean eta maiatzaren 2, 8 eta 15ean. Egun bakoitzeko jarduna hiru orduz luzatuko da, 14:00tatik 17:00tara. Saioak bitan bilduko dira inspiratu, asmatu eta implementatu fasean osatuz.

  Inspiratu fasean, konpondu beharreko arazoa definituko da eta balizko erabiltzailea nor den eta zein behar eta motibazio dituen argituko da. Arazoa eta oztopoak aztertuta, konponbidea bilatzen saiatu diren beste adibide batzuk bilduko dira. Asmatu fasean, ahalik eta ideia gehien sortuko dira, epaitu edo eztabaidatu gabe. Ideiak konbinatu, zabaldu eta finduko dira, zirriborro, eredu edo prototipoak sortuz eta horietan lan eginez. Azkenik, merkatuari aurkeztu dakiokeen ideia multzoa osatuko da. Inplementatze fasean berriz, balizko erabiltzaileen erantzuna edo feedbacka bilatuko da, zer hobetu litekeen eztabaidatuz. Datuak bilduz arrakasta neurtuko da eta sortutako soluzioaren negozio eredua diseinatuko da.

  Ekintzaile, autonomo edota mikroenpresei zuzendutako tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da, udaleko enplegu teknikariarekin harremanetan jarrita: 943 003 198 telefonora deituz edo mezua enplegu@onati.eus helbidera bidaliz. Ideien garapen prozesua izeneko tailerra martxoaren 27an hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia