Oñatiko udala

Ia 3.500 euroko dirulaguntza emango dio udalak Larraña institutuari Helduen eskolak sortutako gastuak arintzeko

2020/12/01
Card image cap
99 ikasle aritu ziren maila ezberdineko eskolak hartzen iaz

  Oñatiko Helduen eskola Larraña institutuan kokatzen da. Bertan, irakaskuntza arautuan, oinarrizko alfabetizazio eskolak eta DBHko titulua eskuratzeko eskolak eskaintzen dira. Formazio ez arautuan berriz, unibertsitatean sartzeko 25 eta 45 urtetik gorakoentzako azterketak prestatzeko aukera dago. Horrezaz gain, ingelesa, informatika eta atzerritarrei zuzenduta gaztelerazko ikastaroak ere eman ohi dira.

  Baina 2019-2020 ikasturtea egokitzapen urtea izan zen, ingeleseko talde bat eta informatikakoa desegin zirelako. Gainera, Larraña etxera iritsi ziren errefuxiatuen perfila aldatu da eta gutxiago izan ziren atzerritarrentzat ematen diren gaztelera eskolara joan zirenak. Murrizketa guzti horien ondorioz, ikasle kopurura 134tik 99ra jaitsi zen. Ikasle gehienek, 60, gaztelera ikasten aritu ziren, beste 18 Gradu I taldean eta 21 ingelesa lantzen.

  Ikasle kopuruaz gain, aipagarria da ikasturtea bera lehenago amaitu beharrean izan zirela, osasun egoerak hala eraginda. Berez, ekainaren 6an bukatzea aurreikusten zen baina martxoaren 12an bertan behera utzi beharra izan zen. Beraz, 9 hilabetekoa behar zuen ikasturtea 6ra mugatu zen, horrek ere, argi, ura, berokuntza eta bestelako gastuetan eraginez. 
Udalak 5.000 euroko partida gordea zuen Helduen eskolak sortutako gastuak arintzeko baina ikasturtea laburtu zen proportzio berean emango da laguntza eta diruaren bi herenak emango dira, hau da, 3.333 euro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!