Ia 3.000 lagunek hartu dute gripearen kontrako txertoa Oñatin

2020/11/26
300 dosi gehiago jaso dira anbulatorioan

  Aurreikuspen guztiak gainditu dira eta ohikoa baino 700-750en bat gripe txerto gehiago jarri dira jada anbulatorioan. 2.200 txertatu inguru izaten da gurean udazkenero gripearen aurkako kanpainan, atzora arte 2.920 dosi jarri ziren, % 33 gehiago, eta kanpaina oraindik ez da amaitu. Aurreikuspenak gainditu dira eta zenbait laguni atzorako zuten hitzordua atzeratu beharra izan zitzaien, anbulatorioan bakunarik gabe geratu zirelako. Beste 300 dosi berri jaso dituzte, eta gaur txertatzen hasi dira berriro.

  Aurten gripearen kontrako txertoa hartzearen garrantzia azpimarratzen ari dira osasun arduradunak eta mezua iritsi dela erakusten dute txertatuen kopuruek. Osakidetzaren kanpaina ohiko arrisku taldeei zuzendu zaie: 65 urte edo gehiago dutenei; diabetesa, bihotzeko gaixotasunak eta bronkitis kronikoa duten gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei. Baita gizarte eta osasun arloan diharduten langileei eta etxean gaixoak zein adinekoak zaintzen dituztenei ere. Aurreko urteekiko diferentzia, nagusiki, azken talde horrek markatu duela adierazi digute anbulatorioan, alegia, etxean gaixoak eta adinekoak dituztenak; adinez gazteak izanagatik askok txertoa hartzea erabaki dute, prebentzio neurri gisa. 65 urte edo gehiago duten askok ere, gripearen kontrako bakuna hartu dute aurten lehenengoko aldiz.

  Kanpaina hasieran jende asko hurbilduko zela aurreikusita, errefortzuko erizain bat kontratatu zen eta zazpi astez aritu da osasun etxean lanean. Aurrerantzean, ohiko plantilako erizainak arituko dira, orain artean bezala, kontsultetara doazen gaixoak eta hitzordua propio eskatzen dutenak txertatzen. Horixe izan da aurtengo kanpainaren bereizgarria, hau da, aurreko urteetan txertatu direnei zuzenean deitu zaiela txanda emateko. Baina orain arte deirik jaso ez dutenei zuzenean anbulatorioan eskatzeko gomendioa egiten zaie, ohikoa denez, 943 035 430 telefonora deituta.

  Gripearen aurkako 2020ko txertaketa kanpaina amaitzeko datarik ez da jakinarazi baina Gabonak bitartean-edo luzatuko dela espero dute anbulatorioan. Oñatin, dagoeneko, ia 3.000 lagun txertatu dituzte, hau da, herriko biztanleen laurdena baino gehiago.

Iturria: Oñati Irratia