Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren aurrerakina argitaratzearen gaia aztertuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/07/16
Gai gutxi baina esanguratsuak eztabaidatuko dira

  Oñatiko lurzoruaren sailkapena, erabilera eta eraikigarritasuna arautzen dituen HAPO edo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesua abian du udalak. Oñatiko herria hurrengo 10-20 urteetan nola garatuko den markatzen duen dokumentua da. Aholku kontseilu bat eratu zen lehenik eta herritarrekin batera prozesu parte hartzailea egin zen ondoren. Hainbat kontraste bilera ere egin dira eta oinarrizko dokumentua idatzi da. HAPOaren aurrerakina argitaratzearen egokitasuna aztertuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Olakua auzoan, 2. area deritzonean, irisgarritasun lanak egiteko kontratuaren esleipenerako proposamena ere aztergai izango da. Orain egun batzuk aurreratu genizuenez, bi lotetan berezitu ziren lan hauek Ugarte eta Echaide enpresak egitea proposatuko du Kontratazio Mahaiak. Lanak, irailean hasi asmo dira.

  Ugarkalde auzoko jolasparkean estalkia eraikitzeko lanen inguruko azalpenak ere emango dira gaurko bileran. Partaidetzazko Aurrekontuak prozesuan Ugarkaldeko jolasparkea estaltzeko aukera bigarren bozkatuena izan zen, botoen % 47arekin. Lehenetsi ziren aukeren artean aurrekonturik handiena zuena izan zen, 118.000  euro. Hori, 2018an egin zen estimazioa da. Orain, lanak emateko esleipen prozesua abian jartzeko aurrekontua eguneratu beharko da. Xehetasunak, gobernu taldearen asteko bileran emango dira.

  Lau dira arratsaldeko batzarrerako zerrendatu diren gaiak. Ia aipatutakoez gain, Kurtzekua areako 8.2 partzelaren eta bertan bukatu gabe dagoen eraikinaren derrigorrezko salmentaren prozeduraren amaiera azalduko zaie gobernu taldeko kideei.

Iturria: Oñati Irratia