Hezkuntza bereziko langileen artean zabaldutako greba deialdiak % 50eko jarraipena izan du Oñatin

2017/11/23
Bi hezitzaile berezi daude herriko ikastetxe publikoetan eta bat ez da lanera joan

  Hezkuntza publikoan egiten ari diren sektorekako mobilizazioen  kapitulu berria bete da gaur, hezkuntza bereziko langileak grebara deituaz. Kolektiboa mila langilek baino gehiagok osatzen dute, eta fisioterapeutak, okupazio-terapeutak, gizarte-langileak, transkribatzaileak, keinu-hizkuntzako interpreteak eta hezkuntza-laguntzarako adituak biltzen dira. Oñatiko ikastetxe publikoetan bi hezitzaile daude une honetan eta batek lana uztea erabaki du. Bestearen kasuistika berezia dela adierazi digute ikastetxean, bajan baitago eta ordezko hezitzaile bat izendatu berri baita, ordezkoa lanean ari da gaur.

  Hezkuntza bereziko langileen artean behin-behinekotasuna oso handia dela salatzen dute sindikatuek, % 58koa, hain zuzen ere. Portzentaje hori % 6ra murrizteko 400 lanpostu baino gehiago finko bihurtzea eskatzen dute. Kolektiboaren lan hitzarmena 2003tik eguneratu gabe dagoela ere salatzen dute. Ondorioz, aspalditik bizi duten egoera prekarioa azken urteetako murrizketekin okertzen ari dela diote ELA, LAB eta Steilasek, mobilizazio eta lanuzteak deitu dituzten sindikatuek.
Txandaka eta sektoreka egiten ari diren lanuzte deialdi hauek ikastetxe publikoetako irakasleei zuzenduko zaizkie datorren ostegunean. Abenduaren 12an berriz, sektore guztien lanuztea deituko da.

  Bitartean, tokian tokiko mobilizazioak egiten ari dira borroka asteak deritzoten hauetan. Errekalde Herri Eskolan, ostiral arratsaldero elkarretaratzea egiten dute ikastetxe aurrealdean.  Euskal Eskola Publikoan gauzatzen ari diren murrizketen kontra eta hezkuntza sistema propioaren aldeko mobilizazio honetan parte hartzera gonbidatzen da astero eskola komunitate osoa, familiak barne. Biharko elkarretaratzea 16:30tan izango da.

Iturria: Oñati Irratia