Herritarrek lehenetsitako 66 proposamen udal teknikarien esku daude, bideragarritasun teknikoa aztertu dezaten

2018/07/10
Urrian, proposamenak bozkatzeko fasea zabalduko da Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan

  Partaidetzazko aurrekontuetako proposamenak jaso ostean leheneste fasea osatu zen, ekainaren erdialdean. Horretarako, aurkeztutako proposamen guztiak eztabaidatu eta lehentasunaren arabera ordenatu eta hierarkizatu ziren.

  Lehenesteko orduan hiru irizpide nagusi jarraitzea erabaki zen: herritarren egunerokoa errazten duten proposamenak izatea, hau da, irisgarritasuna, segurtasuna, oinezko ibilbideak edota bizi kalitate hobetzekoak izatea; elkarbizitza eta hiritartasuna bultzatzea eta ildo horretan proiektu eta proposamen hezitzaileak ziren baloratu zen; eta azkenik, jasangarritasuna sustatzen duten neurriak izatea. Irizpideak adostu ondoren hiru leheneste bilera burutu ziren, proposamenak arloka aurkeztuz. Leheneste saio horietan 39 herritarren parte hartu zuten.

  Saio bakoitzean balorazio altuena jaso zuten proposamenenek aurrera egin dute eta udal teknikarien esku utzi dira, bideragarriak diren ikusi dezaten. Guztira, 133 proposamen baloratu ziren eta balorazio altuena lortu zuten 66ak aurrera bota dira, balorazio baxuena izan duten beste 67ak prozesutik kanpo utzi dira. Orain, esan bezala, aurrera egin duten 66 proposamen horiek udal teknikarien esku utzi dira, teknikoki bideragarriak ote diren aztertu dezaten. Hirugarren fase hau irailera arte luzatuko da.

  Azkenik, urrian, bozketa fasea egingo da eta Oñatin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar orok bozkatu ahal izango du. Bozka eman aurretik, udal teknikariek egindako balorazioa kontsultatzeko bidea izango da udaleko web atarian, bertan teknikariek osatutako txostena argitaratuko baita. Ez hori bakarrik, egun, dagoeneko, proposamenak lehenesteko ekainean egin ziren hiru saioetako agiriak ere ikusgai daude, www.oñati.eus web orrian partaidetzazko aurrekontuak esteka ireki eta dokumentuak atalean.

  Partaidetzazko aurrekontuak prozesu honen helburua udal aurrekontuaren 500.000 € zertan inbertitu herritarren artean eztabaidatu eta erabakitzea da. Erabakiak aurten hartuko dira eta datozen bi urteetan zehar, 2019 eta 2020an burutuko dira, urte bakoitzean 250.000 € bideratuz.

Iturria: Oñati Irratia