Oñatiko udala

Herriko pentsionistek udalbatzari aurkeztu zioten mozioa aho batez onartu zen atzo

2018/03/23
Card image cap
% 0.25eko igoera hutsala baztertu eta 1080 €ko gutxieneko pentsioa ezarri dadila babestu du Osoko Bilkurak

  Udaletxeko areto nagusia jubilatu eta pentsionistez beteta zegoela egin zen atzo martxoko Osoko Bilkura. 28 gai aurkeztu ziren eta guztiak aho batez onartu ziren, baita pentsionistek eurek irakurri zuten mozioa ere. 5 puntuko idatzian, hauxe eskatu zuten pentsionistek: pentsioen % 0,25eko igoera ez dadila onartu eta eros-ahalmena mantendu dadin erreklamatzea, 1080€ko gutxieneko pentsioa ezartzea, EAErako Gizarte Segurantza Sistema ezar dadila, 2019. urtean indarrean jarriko den jasangarritasun faktorea baztertu dadila eta erabaki honen berri estatuko gobernuari eta Jaurlaritzari ematea. Udalbatza osatzen duten bi taldeek babestu zuten pentsionisten eskaera.

  Mikel Biain alkateak, pentsioen gaia pentsionistei ez ezik, guztioi eragiten digula esan zuen. Lehenengo mailako arazoa dela esan zuen eta borondate politikoa badago konpondu daitekeela gaineratu zuen. Baina atzo bertan, zentzu horretan Legebiltzarrean egindako eskaera baztertu zela gogoratu zuen alkateak, EAJk, PSOEk eta PPk kontra bozkatu zutela azpimarratuz.

  Lourdes Idoiaga bozeramale jeltzaleak hartu zuen ondren hitza eta eraso politiko horretan ez zela sartuko adierazi zion alkateari. Pentsioen gaia kontsentsu politikoz konpondu behar dela esan zuen bozeramale jeltzaleak. Fokua, bereziki, emakume alargunengan jarri nahi izan zuen, diskriminazio bikoitza nozitzen dutela salatuz, alarguntzean pentsioa murrizten zaielako eta soldatapean lana egin dutenei SOVI deritzona kentzen zaielako.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek herriko jubilatuek aurkeztutako mozioa aho batez onartu zuten, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!