Oñatiko udala

Herrigunea eta industrialdeetako argiztapena hobetu eta argiteria sistema adimenduna jartzeko lizitaziora aurkeztu diren hiru eskaintzen B kartazalen irekiera publikoa egin da.

2013/09/02
Iazko urte akaberan bertan behera utzi zen prozedura errebisatu eta murriztu ondoren, udalak, 166 argiontzi aldatu eta argiteria sistema adimenduna jartzeko lizitazio berria abian jarri du.

  Uztaileko azken tokiko gobernu batzarrean onartu zenez, udalak, herriko gune ezberdinetan dauden 166 argiontzi aldatuko ditu. Errendimendu txikia eta argi kutsadura handia eragiten duten argiontziak dira. LED teknologiadun argi berriak jarriko dira eta hauek kontrolatzeko aukera ematen duen sistema adimenduna instalatuko da. Leku estrategikoetan hainbat detektagailu jarriko dira eta auto edo pertsona baten mugimenduaren arabera, argiek, gehiago edo gutxiago argituko dute. Aldatu asmo diren argi gehienak, 90 hain zuzen ere, herri guneko kale eta auzunetan barreiatuta daude. Beste 76 Osinurdin, Fanderia eta Berezaoko industrialdeetan jarriko dira. Herriko argiztapena hobetzeko lan hauen aurrekontua, 123 mila euro gehi BEZa da.

  Hiru izan dira lizitaziora aurkeztu diren proposamenak eta horiei dagozkien B kartazalen irekiera publikoa egin da udaletxean, deialdia, eguerdiko ordubatetarako egina zegoen. Kartazal honetan, proposamenen ezaugarri teknikoak, funtzionalak eta kalitatekoak ez ezik, hobekuntzak eta bestelako elementu osagarriak jaso behar ziren. Guzti hauek, gehienera, 40 puntu lortzeko bidea emango diete enpresei. Gerora irekiko diren eskaintza ekonomikoen arabera, kontratatzio mahaiak, beste 60 puntu banatuko ditu.  

  Gogoratu, iazko urte akaberan, udalak, argindarra aurrezteko ildo berean zihoan beste lizitazio prozesu bat abiatu zuela. Ordukoa, dexentez handiagoa zen eta ia 500 argiontzi aldatzea aurre ikusten zuen. Lanen aurrekontua ere 426 mila euro gehi BEZa zen. Halako aurrekontu handia eskatzen duen lizitazioa iragarkia argitaratzerakoan izan zen akatsa tarteko, errekurtso bat aurkeztu zen eta udalak, prozesua bertan behera uztea erabaki zuen. Orain, esan bezala, hasierako egitasmoa mugatu ondoren, lizitazio berria abiatu da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!