Hermansoloñak transpaleta berria jaso du

2020/06/22
Ulma Manutencion kooperatibaren dohaintza izan da

  15 bat urte dela halako beste dohaintza bat egin zion Ulmak Hermansoloñari. Orduan, hiru transpaleta eman zizkieten. Haietako bat Argentinara bidali zen, Oñatitik jasotzen zituzten material kaxak modu erosoan mugitu zitzaten. Beste biak Oñatin geratu ziren, Hermansoloñak berak zituen beharretarako eta ACESMAk elikagaien bankuan erabiltzeko. Baina orga berezi horiek errelebo beharra bazutela adierazi digute Hermansoloña taldekoek, beraz, ondo baino hobeto etorriko zaie dohaintza berria eta halaxe eskertu dute sare sozialen bidez.

  Ostegunean jaso zuten transpaleta berria Hermansoloñak Kale Zaharrean duen lokalean geratuko da, lokal barruko karga aldaketak egiteko edota materialen bat kanpora bidali behar denean ibilgailuen arteko garraioan laguntzeko.

  Hermansoloñak zabalik dauka berriro Kale Zaharreko 52an duen lokala eta bertan arropa, oinetako, jostailu eta bestelako materiala hartzen dutela. Lokala berriro zabaldu dute baina ordutegi murriztuarekin, 11:00tatik 12:00tara eta 18:00tatik 19:00tara. Kanpoaldeko edukiontzi zuriak itxita jarraitzen du oraindik.

Iturria: Oñati Irratia