HERMANSOLOÑA taldeak arropa eta oinetakoak uzteko edukiontzia itxi egingo du, aldi baterako

2015/04/28
Lokala gainezka, material gehiago hartzeko biderik ez dute

  HERMANSOLOÑA Argentinarako Elkartasun taldeak, bihar itxiko du Bidebarrieta kalean duen edukiontzi solidarioa. Itxiera, aldi baterako izango da, egun lokalean duten material zati bat atera eta lekua egiten duten bitartean.

  Elkartasun taldeak Argentinara bidaliko diren bi edukiontzi kasik beteta ditu. Baina bidalketa ezin da egin, hara igorri zen azkena banatu arte. Ondorioz, materiala lokalean pilatuta dute eta kasik mugitzeko lekurik gabe. Asmoa, 34. kontainerra itsasoratzeko tramiteak maiatzean egin eta ekainean bidaltzea litzateke. Hortik aurrera, lokal aurrealdeko edukiontzi zuria berriro irekiko lukete.

  Azken asteetan ACESMA elkartea arduratu da edukiontziaren kudeaketaz materiala Kubara bidaltzeko asmoz,  baina hauek ere gainezka daude.

  Lanerako lekurik ez dutela eta, aldi batez, material berria hartzeari uko egin behar izan diote Hermansoloñako kideek. Edukiontzia ixten dutela jakinarazten duen oharrean 15 urte hauetan egitasmoarekin bat egin duten herritar guztiei taldearen eskertza helarazi nahi izan diete. Arropa, oinetakoak edota bestelako materiala emanez elkartasun proiektu hau gauzatzen lagundu duten guziei beren ekarpena eskertu nahi diete.

 

Iturria: Oñati Irratia

Hermansoloñaren lokala materialez gainezka