Oñatiko udala

Haurtzaroaren defentsan manifestua plazaratu du OinHerri Herri Hezitzailea ekimenak

2020/04/22
Card image cap
Domeka eguerdian Euskal Herriko haurren aldeko txalo zaparrada eskatu du

  Bizi dugun egoeran haurtzaroa kontuan hartu dadin osatu dute OinHerriko eragileek atzo ezagutarazi zuten manifestua. Bide batez, adierazpenean jasotzen diren ideia eta aldarrikapenekin bat egiten dutenei atxikimendua azaltzeko bidea ematen da www.herrihezitzailea.eus atarian.

  8 puntu edo oinarri biltzen ditu OinHerriko manifestuak: haurrak ikusgai bihurtu beharra dagoela aldarrikatzen da; Haurren Eskubideen Adierazpena oinarri dela haurren denfentsarako; haurtzaroa eta nerabezaroa etorkizuna ez ezik oraina ere badirela azpimarratzen da; naturaren presentzia ezinbestekoa dela, haurtzaro eta gaztaro osasuntsu baten garapenerako; umeen hitza entzun eta umeei hitza eman behar zaiela;haurrek herri eta hirietan kalea hartu behar dutela; ikuspegi inklusiboa erdigunean jarrita haur eta nerabeen erronkak komunitatearen ardura direla eta haurren eskola mundua bera dela.

  Bizi dugun osasun larrialdi egoera honetan haur eta nerabeen oinarrizko eskubideak eta beraien osasun integralerako beharrezkoak diren neurriak ere ez direla kontuan hartu azpimarratzen du OinHerriren adierazpenak. Eta haurren eskubideak zapaldu direla gaineratzen da. Haur eta nerabeak, helduokin batera, gizartea osatzen duten subjektu aktiboak direla aldarrikatzen da eta ildo horretan hitza eman eta entzun behar zaiela adierazten da.

  Manifestua, osorik, www.herrihezitzailea.eus atarian zintzilikatu da ezagutzera eman eta atxikimenduak jasotzeko, erakunde nahiz norbanakoenak. Bide batez, igande eguerdian,12:00tan, Euskal Herriko haurren aldeko txalo zaparrada eskatu du OinHerrik. Orain arte erakutsitako jarreragatik zorionak eman, aurki kalera atera ahal izango dugula ospatu baina bereziki, haurren eskubideak aldarrikatzeko txalo egitea eskatzen da.

  Oñatiko udalak OinHerri proiektuarekin bat egitea erabaki berri du, herri hezitzaileen sareko kide bihurtuz. Horretarako, Udalak eta OinHerrik elkarlanerako hitzarmena sinatuko dute, osasun krisia hau gainditu bezain pronto. Udalak, 4.000 euroko ekarpena egingo du urtero, eta, trukean, herri hezitzaile izatearen ikuspegiarekin lanean diharduten beste herriekin esperientziak partekatu eta OinHerrik eskaintzen duen aholkularitza tekniko espezifikoa jasoko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!