Haur eta helduei zuzendutako lau kontzertuk oatuko dute aurtengo MUSIKEGUNAK programazioa.

2013/11/04
Maiatzetik azarora aldatuta, emanaldiak hilaren 9, 10, 17 eta 24an izango dira.

  Maiatzean izan ohi ziren Oñatiko Musika Egunak azaroan izango dira aurten. Proba egin nahi da. Udaberrian, kultur eskaintza oso handia izaten da gurean eta eguraldiak ere ez du barrualdera sartzeko askorik laguntzen. Alde horretatik, musika zikloa udazkenean programatzea aproposagoa izan zitekeela pentsatu zen eta aurten hala egingo da. Guztia gertu dago eta asteburu honetan bertan eskaintza bikoitza izango da: publiko gaztetxoari eta familia osoari eskainitako emanaldia zapatuan eta musika eta bertsoa uztartzen duen ikuskizun berezia domekan. Musikegunetako programazioa, ondoren bi domeketan izango diren ganbara kontzertuez osatuko da.

  Zapatuan, opera divertimento taldearen eskutik “Colas Mago Handia ” ikuskizuna izango da bereziki haur eta gaztetxoei zuzenduta. Musikegunak urteak daramatza publiko gaztea musika klasikora erakartzeko ahaleginean. Era ezberdinetako kontzertu didaktikoak antolatu dira eta larunbatekoa, esparru horretan kokatzen da. Gaztetxoak eta hain gazte izan gabe opera apenas ezagutzen ez duten entzuleei genero berezi hau hurbiltzeko ikuskizun ezin aproposagoa da “Colas Mago Handia”. Haurrak gogoan, arratsaldeko 5etan izango da eta sarreraren prezioa ere berezia, 3 euro eta 50 xentimo.

  Baina hori asteburuko eskaintzaren lehena tala besterik ez da, domekan, kontzertu berria izango baita eta hau ere, hain zalea ez den publiko horri zuzenduta: “Bi arreba”, Xabier Lizaso eta Andoni Egañaren eskutik. ‘Bi arreba’ Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso pianistak sortu duten ikuskizuna da. Chopinen eta Xenpelarren antzekotasunetan oinarrituta, musika, bertsoak, istorioak eta inprobisazioa uztartzen dituen saioa. Ikuskizuna, hilaren 10ean, arratsaldeko 7,30ean izango da Santa Ana aretoan.

  Eta Santa Ana aretoan eta arratsaldeko 7,30ean izango dira hurrengo bi kontzertuak ere: hilaren 17an, ORQUESTA DE CAMARA DE EMPORDÁ taldea eta 24an, MUSICA BOSCARECCIA taldea.

  Kataluñako ganbara orkestrak umorez jositako “Concierto desconcierto” emanaldia eskainiko du.  MUSICA BOSCARECCIA berriz, bereziki, XVII eta XVIII. mendeko musika lantzen duen ganbara taldea da. Soprano batek eta oinarrizko soka taldeak osatzen dute MUSICA BOSCARECCIA.

    Domekako hiru kontzertuetan, sarrerak 6 eurotan salduko dira. Edo dagoeneko salgai daudela esan behar dugu, MUSIKEGUNAK programazioari dagozkion emanaldi guztietarako txartelak internet bidez eskuragarri baitaude jada, www.barrabarra.eu atarian.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko udala