Oñatiko udala

Hainbat lur jausi gertatu dira, Olaterako errepidean, Olabarrietan eta Udanan

2019/01/24
Card image cap
Premiazko garbiketa lanak egin dira guztietan

  100 l/m2 baino gehiago bildu dira jada Oñatin asteartetik, euria kasik etengabe egiten hasi zenetik. Errekak hazita baina bere bidetik doaz. Ur gehiago xurgatu ezin duen lurraren erorketa da arazoa gurean, lur jausiak alegia.

  Lur jausi handia gertatu da Olaterako bidean, argindar etxetik 100 bat metrora. Ia errepidea osorik estali du lur jausiak. Abisua udaltzainek jaso dute eta bertaratzen lehenak eurak izan dira, GI-3593 errepidea Foru Aldundiaren jabetzakoa den arren. Errepidearen errail bat garbitu dute eta 112 larrialdi zerbitzura abisua eman dute bidea guztiz garbitu eta lur gehiago jausi ez dadin behin behineko bitartekoak jarri daitezen. Gidarien arreta deitzeko seinaleak ere jarri dira.

  Olabarrieta auzoan ere, Andolatza baserrirako bidean, beste lur jausi bat gertatu da. Handiena baserritarrak kendu du eta bidea pasatzeko moduan dago. Dena den, udal brigadako langileak bihar joango dira lur hondarrak kendu eta garbiketa lanak osatzeko.

  Olaterako errepidea eta Olabarrietako Andolatza baserrira doana ez dira trafiko handiko bideak, bai ordea, Udanakoa. Hemen ere, lur jausia zegoen goizean baina Ertzaintza arduratu da errepidea garbitu eta ingurua zaintzeaz.

  Datozen orduetarako euria iragartzen jarraitzen dute eguraldi prebisioek. Euri intentsitatea apur bat jaitsiko da eta tarteka aterruneren bat izan daiteke baina giro bustiarekin jarraituko dugu, bai gaur eta baita bihar ere. Ondorioz, lur jausi berriak sortu daitezke. Halakoen berri udaltzaingoan ematea eskatzen da, 943.081000 telefono zenbakian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!