Gurasoen formazioaz arduratzen den Hezkuntza mahaiak 6 hitzaldi eta 2 tailer antolatu ditu 2012-2013 ikasturterako.

2012/11/26
Oraingoz egin den bakarrak, adimen emozionalari buruzko saioak, harrera oso ona izan du.

  Urrian egin zen adimen emozionalari buruzko lehen hitzaldira 80 guraso gerturatu ziren. Ondoren, eta gaia sakontzeko eskaini zen tailerrerako 45 gurasok eman zuten izena. Horretxegatik, bakarra izan behar zen tailerra birritan egitea erabaki zen.

  Baina horretan ez da geratuko gurasoei zuzendutako formazio eskaintza, urtarriletik maiatzera beste 5 hitzaldi eta tailer bat egingo baitira.

  Urtarrilaren 31an, esaterako, “dolua” gaiaren inguruan Patxi Izagirrek berba egingo du bereziki Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta.

  Otsailean, adimen emozionalari buruzko bigarren tailerra hastearekin batera, “nerabeak eta gatazkak” izeneko hitzaldia egingo da. Garbiñe Arrizabalagak, bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoentzat berba egingo du.

  Martxoaren 13an, eta lehen hezkuntzako ikasleen gurasoentzat berriro, “zigorren aurrean beste bide batzuk” gaiaz azalpenak emango ditu Nerea Mendizabalek.

  Apirilerako eskaintza bikoitza antolatu da: Haur hezkuntzako gurasoei zuzenduta “lehen sorospenak” hitzaldia emango da eta bigarren hezkuntzako ikasleen guasoentzat berriz “drogomenpekotasunaren prebentzioa” izeneko tailerra egingo da. 5 saiotan osatuko den tailer hau  AGIPAD elkarteak gidatuko du.

  Maiatzean, amaitzeko, wiffiare gaia jorratuko da. Oraingoz dena den, ez da ez eguna ezta hizlaria ere zehaztu.

  Halako hitzaldi eta tailerrak egin izan dira aurretik ere herrian. Orain arte ikastetxe bakoitza arduratzen zen bertan matrikulatuta zeuden neska mutikoen interesen araberako ikastaro edo hitzaldiak antolatzeaz. Baina horietako asko errepikatzen zirela ikusita eta dauden baliabide material eta ekonomikoak optimizatu asmoz, halako formazio eskaintza bateratua egitea erabaki zen eta halaxe zehaztu da lehen aldiz, 2012-2013 ikasturte honetarako.

Iturria: Oñati irratia