GNaturaldia Zinema Oñatira iritisiko da

2021/03/30
Erakustaldiko bi filma Kultur etxean ikusi ahal izango dira apirilaren 14 eta 20an

  Ingurumenaren garrantzia eta naturarekin erlazionatzeko gizatalde ezberdinek duten modua zabaltzea da Foru Aldundiak antolatu duen  Gipuzkoako natura eta ingurumeneko zinema erakustaldiaren helburua. Apirilaren 13tik 23ra hainbat dokumental emanaldi izango dira Gipuzkoako 8 herritan, tartean Oñatin, eta aldi berean, laburmetraien lehiaketa bat egingo da DBHko ikasleei zuzenduta.

  Gnaturaldia Zinemaren baitan 10 film proiektatuko dira Oñati, Azpeitia, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Tolosa eta Zumaian. Oñatin emanaldiak bi izango dira: apirilaren 14an Project wild thing emango da, seme-alabak  pantailetatik urrundu asmoz naturaren aldeko marketing-a egiten duen aita baten abentura, eta apirilaren 20an berriz, Euskal Herriko natur biodibertsitatea biltzen duen Natura bizia pantailaratuko da. Biek 75 minutu inguruko iraupena dute eta 19:00tatik aurrera emango dira. Sarrerak doan izango dira eta dagoeneko eskuragarri daude www.oñati.eus atarian, leihatila digitalean eta Txokolaterian.

  Baina GNaturaldia zinema lehiaketa ere bada. DBHko Gipuzkoako ikastetxeei zuzenduta laburmetraien lehiaketa antolatu du Aldundiak. Helburu nagusia da gazteen eta naturaren arteko lotura sortzea, gertuko naturarekin dugun harremanari buruzko bideo labur eta originalak ekoiztea eta difusioa bultzatzea.

  Norberaren herriko edo gertuko naturari buruzko bideoak aurkeztu behar dira, gaia, modu askean landuko delarik. Hiru eta bost minutu arteko lanak aurkeztu behar dira, maiatzaren 7ra bitartean. Lehiaketa irabazten duen laburmetraia 2022ko GNaturaldia Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zine erakustaldian emango da.

Iturria: Oñati Irratia