Gipuzkoako Urak enpresak hainbat kata egingo ditu Unibertsitate etorbidean, bihartik aurrera

2021/03/03
Zamaketa guneari eragingo diote lanek baina errepidea pitin bat estutuko da lan eremuaren parean

  Gipuzkoako Urak enpresak ur sarea hobetzeko lanak egiten dihardu Aita Mortara eta Aita Madina kaleen inguruan. Lanak, Unibertsitate etorbidera iritsiko dira laster baina aurretik kata batzuk egingo dituzte, bihar bertan hasita. Katak Txaketuaneko bidegurutze inguruan hasiko dira eta etorbideak Aita Madina kalearekin bat egiten duen gunerantz zabalduko dira. Inguru hori zamaketa lanetarako gordeta dago eta aldian-aldian aparkaleku bat edo bi hartuko dira, baina lanek ez dute aparteko eraginik izango trafikoan. Dena den, errepidea pitin bat estutzea ekar dezakete.

  Gipuzkoako Urak enpresa Aita Mortara eta Aita Madina kaleetan egiten ari den lana erritmo onean doa. Ur hornidura eta saneamendu sareak berritzen ari dira eta Aita Madina kalean euri urak biltzeko sarea ere bai. Lan eremuko zenbait gunetan gainera, fibrozementuzko hoditeria zaharra estali eta zerbitzuz kanpo utziko da, hoditeria berria sartuta.

  Bihar hasiko diren kata lanen helburua hoditeria zaharra nondik-nora doan eta nola dagoen identifikatzea da. Lanaren azken faserako prestaketa izango da. Azken fase hori  Unibertsitate etorbidean egingo da, Aita Madina eta kale Zaharra arteko tartean. Fase honetan lanek trafikoari eragingo diote, errail bakarra erabili ahal izango baita. Baina horren berri aurrerago emango da.

Iturria: Oñati Irratia

Gipuzkoako Urak-eko lanak Aita Mortara kalean (Arg: DV)