Gaztelekuko sotoa egunero irekiko da

2015/09/03
Hainbat gurasoren eskaerari erantzunez familia gune hau astelehenetan ere erabili ahal izango da

  Gaztelekuko langileek astelehenetan atseden eguna duten arren, sotoa zabaldu egingo da; udaltzainak arduratuko dira atea ireki eta ixteaz. Horrela, hainbat gurasok egin zuten eskaera beteko da.

  Gaztelekuko sotoa 0-7 urte bitarteko haurrei eta beren zaintzaileei zuzendutako gunea da. Neguko hotzari aurre egin ahal izateko urritik Aste Santura bitartean asteburutan irekitzen hasi ziren orain bospasei urte. Gerora, zerbitzua, astean zeharreko arratsaldeetara zabaldu zen astelehenetan izan ezik. Aurrerantzean berriz, egunero irekiko da, astelehenetik ostiralera 17.00etatik 19.45etara eta larunbata, igande eta jai egunetan, arratsaldez eta baita goizez ere,10.30tatik 13.00tara. Ekainean, sotoaren sarrera- arrapala irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak egin ziren eta bi astez itxita egon zen, abuztuan bezala.

  Baina oporrak pasata, Gaztelekuko espazio eta zerbitzu guztiak berriro martxan dira: Sotoa, 0-7 urte bitarteko haur eta guraso nahiz zaintzaileentzat; Kuboa, 8-12 urte bitarteko gaztetxoentzat eta Topalekua, 12-17 urte artekoentzat. Aurrerantzean sotoa egunero irekita egongo den arren, hezitzaileen presentzia eskatzen duten espazioak astelehenetan itxita mantenduko dira. Gazte informazio puntua, asteartetik ostiralera goizek 11.30tatik 13.00tara eta kuboa ere, asteartetik ostiralera baina arratsaldez, 17.00etatik 19.45etara irekiko dira eta Topalekua, asteartetik ostegunera eta domeketan, 17.00tik 20.00tara eta ostiral, larunbat eta jai bezperetan, 20.30ak arte irekiko da.

Iturria: Oñati Irratia