Gaztelekuko hainbat zerbitzuren kontratazio prozesua Debako Zehar enpresak irabazi du.

2015/01/30
Baina behin betiko lizitazioa egin eta kontratua sinatzeko hainbat agiri aurkeztu beharko ditu.

  Enpresari dagozkion dokumentuak asteazkenean aurkeztu zituzten eta pertsonalari dagozkionak, datorren astean presentatzekotan daude. Udalak dokumentazio osagarria entregatzeko eman zuen epea, otsailaren 4an betetzen da.

  Gaztelekuan arituko diren langileei dagokionean, enpresa bera hautaketa prozesuan murgilduta dago. Gogoratu, udalak, lizitazio baldintzetan, gutxienez hiru hezitzaile jarri beharko zirela zehaztu zuela. 3 hezitzaile eta koordinatzaile bat. Honek, udalarekiko eta Gaztelekuko gunen ezberdinen arteko zerbitzuak koordinatuko beharko ditu. Hezitzaileei dagokionean gainera, gizarte arloko diplomatura edo gradua, edota goi mailako lanbide heziketako titulua eta hezitzaile lanetan hiru urteko esperientzia izatea eskatzen du udalak.

  Debako enpresa horretan ari den bitartean, azken urteotan Gaztelekuko zerbitzuaz arduratu diren enpresei udalarekin zituzten kontratuak luzatu egin zitzaien eta otsaila amaierara arte mantentzea proposatu zen asteartean Gaztedia batzordeak egin zuen bileran.

  Bi enpresa izan dira Gaztelekuko hainbat zerbitzu kontratatzeko prozesuan lehiatu direnak: Oñaise oñatiarra eta Zehar debatarra.

  Bai memoria txostenean eta baita eskaintza ekonomikoan ere, Zehar enpresaren proposamenak epai mahaiaren balorazio hobea jaso dute. Ondorioz, zerbitzuaren behin behineko esleipena egun Debako Gaztelekuaz arduratzen den enpresa horren alde egin da. Gauzak ondo eta eskatutako dokumentazio guztia egokia dela ikusiz gero, lizitazioa behin betiko izaeraz onartuko da eta udalak, Zehar enpresarekin kontratua sinatuko du. Hasieran, urtebeterako baina beste bi urtez luzatu daitekeen kontratua. Asmoa, martxoa hasieran jada lanean hastea da.

  Gaztelekuak une honetan eskaintzen dituen zerbitzuak bilduz, guztien kudeaketa eta dinamizazioa lizitazio deialdi bakarrean esleituko da. Gazte informazio puntua, informatika gela, Topalekuko zerbitzua, sotoko  0-7 urte arteko haurren eta familien gunea eta kuboko 8-12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua eta Gaztelekuko bilera gelen erabilera kudeaketa, lizitazio deialdi bakarrean esleitu dira.

Iturria: Oñati irratia

Gaztelekua