Oñatiko udala

Gazteen aisialdirako lokal jabeei errekerimendua egin die udalak

2018/10/04
Card image cap
Lokal hauen jarduera arautzeko ordenantza onartu zenetik 3 lokal soilik erregularizatu dira

  2016ko otsailean sartu zen indarrean gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza. Lokalek gutxieneko segurtasun eta higiene baldintzak bete zitzatela eta inguruko bizilagunekin elkarbizitza egoki baterako oinarriak jartzea izan zen ordenantzaren helburua.

  Ordenantza indarrean sartu aurretik udalak egin zuen erroldaren arabera Oñatiko gazteen aisialdirako 23 lokal erabiltzen ziren. Epe ezberdinak eman ziren martxan zeuden lokalen jarduera legeztatzeko, azkena, pasa den abenduan amaitu zen. Aipatu lokal haietatik 3 erregularizatuta daude gaur egun, beste 17tan jarduerarik ez dagoela egiaztatu da, alegia, gazteek jada ez dituztela erabiltzen, eta beste hiru martxan dira baina jarduera erregulatu gabe. Hiru lokal horietako biren jabeei errekerimendua egin die udalak, jarduera legeztatzeko hilabeteko epe luzaezina emanez. Eta hala egingo ez balute jarduera bertan behera utzi beharko luketela zehaztuz. Hori esan bezala gazteek egun erabiltzen dituzten hiru lokaletako biren jabeei jakinarazi zaie, hirugarrenari zuzenean gazteek lokala ezin dutela erabili eta jarduera eten dezan adierazi baitzaio. Aipatu lokala garaje inguru batean dagoen erdi-sotoa da eta aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzak zuzenean debekatzen du halakoak gazteen erabilerarako utzi edo alokatzea.

  Orain bospasei urte puri-purian zegoen lokal hutsak gazteei aisialdirako alokatzea. Lokalen gutxieneko segurtasuna bermatu eta bizilagunekin sortu zitezkeen gatazkak bideratzeko oinarriak zehazten zituen ordenantza egin zuen udalak baina lokal jabe batzuek oraindik ez dute betetzen.    
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!