Oñatiko udala

Gaur amaitzen da, udalak kontratatuko dituen 5 pioiak aukeratzeko hautaketa prozesuko emaitzen kontrako alegazio epea.

2013/03/19
Erreklamaziorik ez badago, epai mahaiak proposatutako 5 langabetuak kontratatuko dira.

  Lanbideren webgunearen bitartez izena eman zuten hautagaiak hiru zerrendatan berezitu ziren, bakoitzaren egoera sozio-ekonomikoa kontutan hartuta. Udalak, Lanbiderekin aurrez zehaztu zituen baldintzen arabera, kontratazioak ere, horren arabera egitea aurre ikusi baitzuen. Hala, RGI edo diru sarreren berma-errenta deritzona kobratzen ari diren 3 langabetu kontratatuko dira, 30 urtetik behera izan eta kualifikazio gutxiko ikasketak dituen beste bat eta 45 urtetik gorakoa izan eta langabezian urtebete baino gehiago daraman beste bat. 5 lagun guztira, pioi lanetarako.

  Lanpostuetarako eskaera egin zuten herritarren egoera sozio ekonomikoaren arabera hiru zerrenda berezitu ziren bezala, hautaketa prozesua ere berezitu egin zen. Hiru kasuetan, emaitzak dena den, egun berean kaleratu ziren, pasa den ostiralean, hain zuzen, eta alegazio edo erreklamazioetarako epea ere, egun berean, gaur amaitzen da. Zuzenketa eskaerarik aurkezten ez bada, epai mahaiaren proposamena jarraituz, kasu bakoitzean puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiak kontratatuko dira.

  Udaleko iragarki taulan eta web orrian ikusi daitekeenez, RGIa deritzona kobratzen ari diren 15 hautagai aurkeztu ziren elkarrizketa probara eta horietako 3 kontratatuko dira.

  30 urtetik beherako 37 lagun deitu ziren eta guztien artean, puntuaziorik altuena, M. Junco Calixtok eskuratu zuen. 45 urtetik gorakoen zerrendan berriz, 40 lagun zeuden eta langabezian gutxienez urtebete zeramatenak kontutan hartuta, M. Arkauz Zurutuzak lortu du puntuaziorik altuena, eta hori da epai mahaiak kontratatzea proposatu duena. Beti ere, esan bezala, kontrako alegaziorik aurkezten ez bada.

  Udal brigadari laguntzen mantenu lanetan arituko diren 5 pioi hauek datozen egunotan kontratatuko dira. Sei hilabetetarako jardun osoko kontratua egingo zaie.   

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!