Euzko Alderdi Jeltzaleak oñatiarren iritzia jasotzeko parte hartze ekimena jarri du martxan

2015/03/11
Udal hauteskundeetarako programa herritarren ekarpenekin osatu eta aberastea da helburua

  Herritarren ekarpena jasotzeko esku orriak eta oinarrizko galdeketa bat zabalduko da herriko etxe guztietara. Erantzuna helarazteko  gutunazal edo sobrea ere topatuko dute.

  Postontzietara zabalduko den material honen bidez, herritarren iritzia, kezkak eta beharrak ezagutu nahi ditu alkategai jeltzaleak, baita, proposamenak ere. Miren Elgarresta alkategai jeltzaleak, parte hartzeko gonbidapena egin die herritar guztiei.

  Jeltzaleak ari dira herriko eragile desberdinekin bilerak egiten, bai gizarte, ekonomia, kultura nahiz kirol eragileekin biltzen. Baina urrats bat haratago eman nahi dute herritarren iritzi eta ekarpenak jasoz. Guztiak aintzat hartuko dituztela esan du Miren Elgarrestak.

  Zer proposatuko zenuke zure auzoko egoera hobetzeko, gazteen enplegua sustatzeko edo aparkalekuen arazoa bideratzeko dira, orrietan egiten diren galderetako batzuk. Atez ateko sistemarekin edo garraio publikoarekin gustora ote dauden eta zer aldatuko luketen ere galdetzen da. Iradokizunetarako atala ere badago galdeketan.

  Etxeetara datozen egunetan banatuko diren iritzi paperak beteaz ez ezik, sare sozialen bitartez edo Oñatiko EAJren helbide elektronikora mezua bidaliz, ahalik eta herritar gehienen ekarpenak jaso nahi dituzte jeltzaleek.

 

Iturria: Oñati Irratia

Etxeetara banatuko den esku orria