"Euskararen kriseiluak" Euskaraldiarekin hartutako ohiturak finkatzeko aukera, etxean eta familia giroan

2018/12/05
Urte berriarekin abiatuko da "Euskararen Kriseilua" egitasmoa

  Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an aurkeztu zuen Udalak, herriko hezkuntza komunitateko hainbat ordezkarirekin batera Euskararen Kriseilua ekimena. Euskaraldiaren ekimenari jarraituz oñatiar asko Ahobizi eta Belarriprest izan dira 11 egunez. Euskararen Kriseiluak hartutako rol eta ohiturak finkatzeko aukera eman nahi die, bereziki etxe giroan arreta jarriz.

  Urgain-Errekalde eskola, Elkar-Hezi eta Txantxiku ikastola dira egitasmoaren sustatzaileak, Udalarekin batera. Eta ikastetxe hauetako 6-8 urte arteko haurrak dauzkaten familiak izango dira balizko parte-hartzaileak. Euskararen transmisioan zein erabileran beren aletxoa jarri ahal izango dute Euskararen Kriseiluan parte hartuz. Euskara den su txiki hori piztuta mantendu eta familiako kideen artean zaintzeko beharra irudikatzen du kriseiluak. Gabonetako oporren ostean, urte berriarekin batera hasiko dira Oñatiko familiak Euskararen Kriseilua etxean hartzen.

  Ikastetxeen bidez jasoko dute familiek egitasmoan parte hartzeko gonbidapena eta izena emateko aukera. Orotariko familiak daude eta guztientzako egitasmo baliagarria dela azpimarratu dute ekimenaren sustatzaileek. Familia tipologia guztiek, erdaldunek, euskaldunek zein mistoek dituzte euskararen erabileran urratsak emateko aukera. Hori horrela, guztiak, euskararen erabileraren gaineko gogoeta egitera gonbidatu nahi dira.

  Izena ematen duten familiek astez aste eta txandaka jasoko dute Kriseilua etxean, egun horietan euskararen erabilera eta honen inguruko gogoeta sustatzeko. Txandak amaitutakoan, parte-hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko ekitaldia egingo da. Familiek parte hartzeko gonbidapena eskolaren bitartez jasoko dute, esan bezala.

  Euskaltzaleen Topagunearen eskutik ekarri du Udalak Euskararen krisieilua proiektua herrira.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg: Goiena)