Euskaraldia ekimenaz informazioa emango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/03/01
Herritarrei zuzendutako aurkezpena izan zen atzo eta abiatze saioak egingo dira martxoaren 13 eta 20an

  Euskaraldia euskararen erabilera areagotzeko helburuz sortu den ekimena da. Euskal Herri osora zabalduko da eta aurten 11 egun euskaraz izeneko erronkan oinarrituko da; azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko hautua egingo duen herritar sare zabala aktibatu nahi da. 

  Egitasmo hori Oñatin gauzatu ahal izateko lan taldea osatu nahi da. Udaletxeko areto nagusian atzo egin zen aurkezpenera 20ren bat lagun hurbildu ziren eta maila ezberdinean parte hartzeko aukera eman zitzaien: antolakuntzan, une puntualetan lagunduz edo informazioa jasoz. Ekimena Oñatin nola zabaldu eta antolatu erabakitzeko beste bi bilera egingo dira: martxoaren 13 eta 20an. Gaiaren inguruko informazioa emango zaie gaur gobernu taldeko kideei.

  Gaurko bilerarako lan zerrendan 19 gai jaso dira. Herritarren arretarako zerbitzua sortu eta prozeduren esku-liburua egiteko lanak esleitzea edota, Haur eta Gazteria departamentutik antolatzen diren irteeretarako aseguru poliza berritzearen gaiak ere aztertuko dira.

Iturria: Oñati Irratia