Euskal preso politikoen zigorren batuketaren inguruan mozioa aurkeztuko da Osoko Bilkuran

2017/03/30
Oñatiko Sareren proposamena bere egin dute udalbatza osatzen duten bi alderdiek

  Europar Batasunak 2008an osatu zuen elkarteko estatu ezberdinetako sententzien eragina bateratzeko legea. Baina Espainiako gobernuak legearen zentzua aldatu eta bere aplikazioa oztopatzeko lege berria egin zuen 2014an. Ondorioz, egun kalean beharko luketen hainbat preso espetxean daude oraindik, eta, adibidez, Alberto Plazaola oñatiarrak ezin du etxera itzuli.  Europar legediak agintzen duena bete dadin eskatzen duen mozioa aurkeztuko da gaurko Osoko Bilkuran. Sarek eskaera babesten duten 400dik gora herritarren sinadurak utzi zituen udaletxeko erregistroan ostiralean eta gaurko plenora hurbiltzeko deialdia egin du.

  Aipatu mozioa 19 gaiko zerrendan azken aurreko puntua izango da. Aurretik diru kontu ugariren berri emango zaio udalbatzari. Hainbat kreditu aldaketarako espedienteak azalduko dira, 2016ko aurrekontuen likidazioa eginda diruzaintza gerakinaren zati bat aurtengo aurrekontuaren egonkortasun-defizita estaltzera bideratzea proposatuko da eta 2017ko aurrekontuaren komunikazioa ere jakinaraziko zaio Osoko Bilkurari. Otsaileko Osoko Bilkuran bestalde, udaleko departamentu ezberdinek banatzen dituzten diru laguntzak deitzeko erabakiak hartu ziren. Gaurkoan, Oñatiko lehen sektorea bultzatu eta sustatzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia proposatuko da eta 2017-2018 ingurumen ikerketa beka arautuko duten oinarriak eta deialdia ere bai. Udalaren jabetzakoa den Bidebarrieta 24ko etxebizitza sozial baten alokairu prozesua abian jartzea ere aztertuko da.

Iturria: Oñati Irratia