Oñatiko udala

Etxez etxeko zerbitzua lizitaziora ateratzearen gaia aztertzeko Osoko Bilkura berezia egingo da arratsaldean

2018/03/07
Card image cap
Udalarekin 2016an sinatu zuen kontratua ez luzatzea erabaki du EULEN enpresak

  Maiatzaren 31an beteko da etxez etxeko zerbitzua emateko udalak eta Eulenek sinatu zuten bi urteko kontratua. Beste bi urtez luzatzeko aukera zegoen arren, enpresak luzapenari uko egin ziola jakinarazi zion udalari urtarrila hasieran, kontratuaren egoera ekonomikoak betetzea ezinezkoa zela eta galerak dituztela argudiatuz. Ondorioz, etxez etxekako zerbitzua lizitaziora ateratzeko erabakia hartu du udalak.

  Lizitazioa arautuko duen baldintza plegoa onartu eta deialdia egiteko Osoko Bilkura berezia deitu da arratsalderako. Aurreko bilkurako agiria onartzearekin batera aipatu gaia bakarrik eztabaidatuko da Osoko Bilkuran. Hala ere, gaia korapilatu daiteke, otsaileko plenoan udalbatza osatzen duten bi taldeetako bozeramaleen artean eztabaida eta tira-bira gogorra sortu baitzuen. Gaia ez zen otsaileko bilkurarako lan zerrendan jaso baina nonbait, azken orduan, alkateak mahai gainean erabaki zuelako. Gobernu talde ezberdinak izan direnetan etxez etxekako zerbitzuan diharduten langileen lan baldintzak izan ziren eztabaidagaia. 18:15tan hasiko da gaurko Osoko Bilkura berezia. Ez ohiko egunean eta ez ohiko ordutan.

  Bihar berriz, Tokiko Gobernu Batzarra bilduko da ostegunero bezala. 27 gaiko lan zerrenda aztertuko dute. Hainbat diru laguntza deialdiren inguruko proposamenak aurkeztuko dira: Araozko ostatua egokitu ahal izateko diru laguntza deialdirako proiektu proposamena edota gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteei zuzendutako diru laguntzak. Uribarri auzoko ermitako aterpea konpontzeko eskaera eta Urbiako fondatik jaso den eskaera ere aztertuko dira, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!