Etxean, onik dago atzo iluntzean Garay enpresan lan-istripua izan zuen langilea

2019/06/06
Makina batean harrapatuta geratu zen baina ez zuen kalte larririk izan

  Lan istripua 20:45 inguruan gertatu zen Hijos de Juan de Garay enpresako pabilioi berrian. Hodiak luzarazteko erabili ohi den makinetako batek matxura izan zuen nonbait, mangeraren bat solte geratu eta frenacolas handi bat langilearen gainera joan zen, hau harrapatuz. Lankideek gaztea makinatik ateratzea lortu zuten anbulantzia etorri bitartean. Makinaren presioak eraginda kolore iluna zuen baina konortea galdu gabe eta oinak mugitu zitzakeela ohartu ziren. Arrasateko ospitalera eraman zuten sakon artatzera baina handik ordu gutxitara alta eman zioten. Une honetan etxean da.

  Istripua ikusgarria eta itxuraz larria izan zen baina zortez, langileak kalte handirik gabe aurre egin ahal izan zion. Gorputzez sendoa den langileak makinaren presioari eustea lortu zuen, dirudienez, makina-zuloren batek lagunduta. Zorionez, susto handi batean geratu den lan istripua.

  Zauritutakoa, mekaniko lanetan aritzen den 22 urteko mutil oñatiarra da. 

Iturria: Oñati Irratia