Oñatiko udala

ETEO eraikin zaharreko teilatua konponduko da

2017/03/22
Card image cap
Lanak teilatuaren bi zatitan eta bi enpresek egingo dituzte

  ETEO zeneko klaustroaren teilatu zati bat eta eraikineko teilatu nagusiaren beste zati bat konponduko dira. Zati bakoitzean lana enpresa ezberdin batek egitea erabaki du udal gobernu taldeak.

  ETEOko klaustro zaharra, Eltziako topagune nagusi bihurtuko da bertan egiten ari diren barne eraberritze lanak amaitzerakoan. Lau aldeetako bat kristalera batez itxiko da. Baina aurretik, gune horretan antzeman diren ur filtrazio eta txintxinak konponduko dira. Kanaleta berriak egingo dira euri ura kanpora bideratzeko. Aurrez, zuntz zementukoak diren egungo zorrotenak kenduko dira. Litekeena da inguruan amiantoa izatea eta halakoen manipulazioak segurtasun eta osasun neurri bereziak eskatzen ditu. Lanerako plana Eusko Jaurlaritzan aurkeztu behar da, ustez amiantoa duen materiala kentzeko lanak baimendu ditzan. Aipatu lanak egiteko aurrekontua Moyua enpresari eskatu zitzaion, alegia, Eltziako barne eraberritze lanak egiten diharduen enpresari. Ia 21.000 €ko proposamena aurkeztu zuen eta udalak onartu egin du.

  Baina ETEO eraikinaren teilatu nagusiaren zati bat ere konpondu behar da, eraikinaren dorrearen eskumaldera, Ugarkalde aldera dagoen eraikin zatiaren teilatua, hain zuzen ere. Teilatutik ur asko sartzen dela ikusi dute teknikoek. Apurtutako teilak kendu eta berriak jarriko dira eta teilatuaren gailurraren erremateko teilak aldatuko da malda egokia emateko. Horrezaz gain, txapituletako eta eskailerako kasetetako erremateak konponduko dira.  Lan hauek egiteko Ugarte eraikuntza enpresak aurkeztu duen 20.000 €ko aurrekontua onartu du gobernu taldeak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!