Eskoletako autobus zerbitzua arrazionalizatzeko diagnostiko lana amaituta, hobetu daitezken hainbat aukera lantzen hasi dira.

2013/01/23
Gaia, eskolabusaz arduratzen den hezkuntza mahaian jorratzen ari dira.

  BITAKA enpresak egin du eskoletako garraio zerbitzuaren inguruko diagnostikoa. Orain arte egindako lan horren berriz, autobusaren gaiaz arduratzen den hezkuntza mahaiko taldeari aurkeztu zitzaion pasa den astean bertan. Herriko ikastetxe guztiek erabiliko duten eskola garraio bateratua izateko egitasmoa gauzatzeko zenbait zailtasun daudela ondorioztatu da. Gaia oso konplexua da. Horren adibideetako bat aipatzearren, konpetentzia ezberdinak nahasten diren izaera publiko eta kontzertatutako ikastetxeez ari garela.

  Zailtasunak zailtasun, egungo garraio sistema hobetzeko hainbat aukera ere badirela ikusi da eta hurrengo lana, aukera horiek gehiago landu eta garatzea da.

  Datozen egunotan, azterlana egiten ari diren Bitaka enpresako adituak ikastetxeetako ordezkariekin elkartuko dira, eskolen garraio sistema arrazionalizatu eta hobetzeko mahai gainera atera diren hainbat proposamen konkretu aztertu eta kontrastatzeko. Iritzi elkartruke eta ekarpen lan honen emaitza gaiaz arduratzen den hezkuntza mahaiko taldera eramango da. Hurrengo bilera, zein egunetan egingo den zehaztu gabe dago, baina otsailean izango da. 

  Gaur egun, dakizuenez, herriko ikastetxe bakoitzak bere eskolako garraio-zerbitzu propioa du, nahiz eta guztiek antzerako ibilbideak egiten dituzten. Baina sistema ez da eraginkorra, ez ekonomikoki ezta ingurumenaren ikuspegitik ere. Horretxegatik, udalak eta ikastetxetako ordezkariek osatzen duten hezkuntza mahaian, eskola-garraio sistema arrazionalizatzeko helburua duen azterlan egitea onartu zen. Eta horretan ari da esan bezala, BITAKA enpresa.

Iturria: Oñati irratia