Eskaera egin zuten 22 gazteetatik 17k jasoko dute emantzipaziorako udalaren diru laguntza

2015/11/13
Udal arduradunek ekimenaren balorazioa egin eta 2016an jarraitu ala ez erabaki behar dute

  Izan ere, aurten lehen aldiz eman zaie herriko gazteei etxebizitzak alokairuan hartzeko diru laguntza hauek. Horretarako, inor erroldaturik ez dauden etxebizitzei ondasun higiezinen zergan aplikatzen zaien errekargutik sortu den diru funtsa erabili da: 108.000 euro. Baina diru fondo hori ez da guztiz agortu.

  Diru laguntza lerro berri hau uztailean onartu zenetik eskaera epea amaitu zen urriaren 16a bitartean, 22 eskaera jaso diren. Eta jarritako baldintzak betetzen zituzten 17ri diru laguntza ematea erabaki zen pasa den asteko Tokiko Gobernu Batzarrean.  275 eta 2.750 euro arteko diru-laguntzak emango zaizkie gazteei, bakoitzaren egoera sozio-ekonomikoa kontutan hartuta. Atzera bota diren bost eskaera ere jaso dira. Arrazoi ezberdinak izan dira horretarako, jarritako adin muga edo diru sarreren muga gainditzea eta  Oñatin erroldatuta egotearen antzinatasuna  ez betetzea izan dira bost eskaera ez onartzeko arrazoiak, alegia, diru laguntzetarako zehaztu ziren  baldintzak ez betetzea.

  Gazteen emantzipaziorako lehen diru laguntzak emateko erabakia hartuta, ekimenari segida eman ala ez ikusi behar da. Udal arduradunek, lehen esperientziaren balorazioa egin behar dute eta 2016an jarraipena izango ote duen erabaki. Uztaileko Osoko Bilkuran Udalbatza osatzen duten bi taldeek ahobatez onartu zuten gazteen alokairua arintzeko diru laguntza lerro hau zabaltzea. Eta jakin badakigu, 2016ko Udal aurrekontu zirriborroan hartarako diru partida jaso dela. Baina azken erabakia hartzeko dago oraindik. 

Iturria: Oñati Irratia

Herriko 17 gaztek jasoko dute emantzipaziorako udal diru laguntza