Errekalde Herri Eskolako jangela itxita egongo da bihar sukaldariek greba egitea erabaki baitute

2017/11/15
Ikasleen gurasoei oharra bidali zaie

  Hezkuntza publikoko langileak astero egiten ari diren lanuzteen baitan, bihar, garbiketa eta jangeletakoak grebara deituta daude. Garbiketa zerbitzukoek datozen ordutan erabakiko dute deialdia jarraitu ala ez baina jangeletakoek jada erabaki dute eta ikastetxe zuzendaritzei jakinarazi diete. Oñatiko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoek jangela bakarra dute, URGAIN-Errekalde eskolan. Horrek, bertako nahiz institutuko ikasleei zerbitzua ematen die. Baina bihar jangela itxita egongo da bertan diharduten 3 sukaldarietatik bik greba egitea erabaki baitute. Grebak, jangelara bazkaltzera joan ohi diren 220 ikasleri eragingo die. Jangela itxita izateak dituen ondorioak jakinik, haur eta gazteak bazkaltzera beste leku batera joan beharko dutelako, jakinarazpen oharra bidali zaie jada gurasoei. 

  Biharko greba deialdia ELA, LAB eta Steilas sindikatuek egin dute, euskal autonomia erkidegoko hezkuntza publikoko langileen egoera larria salatzeko. Zerbitzu ezberdinetan izan diren murrizketekin amaitzea eskatzen dute, gaixoaldiak lehen egunetik ordezkatu eta osorik ordaintzea eta langileen eros-ahalmena berreskuratzea, besteak beste.

  Unibertsitatez kanpoko euskal hezkuntza publikoan mobilizazioak sektoreka egiten ari dira azaroan zehar. Pasa den astean Partzuergoko Haurreskoletan deitu zen greba, datorren astean hezkuntza bereziko langileek egingo dute protesta, hurrengoan, irakasleek, eta abenduaren 12an sektore guztiek egingo dute lanuztea. Mobilizazio hauek Errekalde ikastetxeko jangela erabiltzaileei eragingo die bihar, sukaldariek greba egitea erabaki dutenez ez baita zerbitzurik emango.

Iturria: Oñati Irratia

Errekalde Herri Eskolako jangela