Errefortzurako kirol teknikaria hautatzeko azterketaldia bihar goizean hasiko da

2017/12/12
Prozesura onartutako 8 hautagaiek azterketa teorikoa izango dute

  Deialdiarekin batera argitaratu zen gai zerrendako gaiei eta bete beharreko funtzioei buruzko galderak idatziz erantzun beharko dituzte kirol teknikari lanpostura aurkeztu diren hautagaiek. Berez, 9 lagun presenta ziren baina baldintzak betetzen zituzten 8 bakarrik onartu ziren hautaketa prozesura. 8 horiek azterketa teorikoa Euskaldun berria gelan izango dute bihar 10:00tan.

  Kirol zerbitzua indartu eta eskola kirolaren koordinazio lanak egiteko teknikaria kontratatuko du udalak lehiaketa-oposizio sistemaz. Lanpostua aldi baterako beteko da, hasieran, urtebetean-edo gauzatu asmo den programa aurrera eramateko.
Kirol teknikari berriak eskola kirolaren eredua egokitu, kudeatu eta koordinatzearen ardura izango du, eta udal kirol planifikazio estrategikoaren garapenean lagunduko dio egungo teknikariari, errefortzuko langile gisa. Teknikari berriak eskola kirola programaren arlo didaktiko-pedagogikoa diseinatu eta koordinatu beharko du, eskola kiroleko monitoreei formakuntza osagarria eman beharko die, laguntza teknikoa eta lanen koordinazioa eta antolaketa nahiz jarraipena eta ebaluazioa eginez. Era berean, programarako epaileen poltsa osatu eta horiei ere laguntza teknikoa eman beharko die eta eskola kirola programaren barne eta kanpo komunikazioa diseinatu beharko ditu, besteak beste.

  Biharko azterketa teorikoa oposizioaldiaren lehen proba izango da. Gainditzen dutenek ariketa praktikoa izango dute ondoren. Euskarazkoa ere egin beharko dute oinarrietan eskatutako laugarren hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu ez dutenek. Azken azterketak hainbat ariketa bilduko ditu, tartean elkarrizketa bat. Helburua, hautagaiak lanpostuaren eskakizun teknikoetara eta pertsona eskakizunetara nola egokitzen diren neurtzea izango da. Baina oraingoz bihar izango den azterketarako data soilik finkatu da.  


Iturria: Oñati Irratia