Energia eraginkortasuna eta berriztagarriak sustatzeko egindako ahalegina aitortu die EEEk Debagoieneko udalei

2018/11/09
Olateko argindar etxean egin da errekonozimendu ekitaldia

  Energiaren Euskal Erakundeak Debagoieneko udalen konpromisoa aitortu eta errekonozitu du, Olaten egin den ekitaldian. Energia eraginkortasuna helburu, berriztagarriak sustatuz eskualdeko udalak gauzatzen ari diren ekimenak nabarmendu dira, tokian-tokiko erakundeen ahaleginek Euskadi osoko energia trantsiziorako duten garrantzia azpimarratuz.

  Ekitaldia Olateko argindar etxera bisita teknikoa eginez hasi du Debagoieneko alkate eta zinegotzi taldeak. Bertako langile batek 100 urte baino gehiago dituen zentralaren eta hornidura azpiegituraren inguruko xehetasunak eman ditu. Ondoren, eskualdeko udaletako ekimenen aintzatezpen ekitaldia bera hasi da. Anfitrio lanak egin dituen Mikel Biain alkateak energia berriztagarrien arloan, eta bereziki Oñatik garatu duen energia hidroelektrikoaren arloan egun planteatzen diren hainbat erronka aipatu ditu. Baina zailtasun guztien gainetik, etorkizuneko belaunaldiei ingurumen zaindua uzteko helburuz ari direla erantsi du.

  Ekitaldiaren sustatzaile izan den Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak berriz, erakundeen arteko elkarlana nabarmendu nahi izan du. Proiektu handiak bezain besteko garrantzia dute tokian tokiko erakundeek gauzatzen dituzten proiektu txikiek, Ansolaren hitzetan.

  Tokian tokiko proiektuak gauzatzeko, Energiaren Euskal Erakundearen laguntza, aholkularitza eta babesa izango dutela berretsi die udal ordezkariei Iñigo Ansolak. Azkenik, EEE-EVEren errekonozimentu agiri bana eman zaie eskualdeko alkate eta udal ordezkariei.

Iturria: Oñati Irratia