Emakume zaintzaileentzat antolatu den tailerraren aurkezpena egingo da bihar goizean.

2014/10/22
Tailerra, Andraitz elkarteak antolatu du Udala eta Emakunderen laguntzarekin.

  “Nitaz arduratu, zutaz arduratu” izeneko tailerra emakume zaintzaileei zuzenduta antolatu du Andraitz elkarteak. Historikoki emakumeak izan baitira eta dira oraindik ere, familiako kide ezberdinen zaintzaz arduratu direnak. Estatu espainiarrean, amonen erdiak baino gehiagok zaintzen dituzte beren bilobak. Horrek, poz handia ematen die, belaunaldien arteko harremanak onurak ditu baina ardura eta nekea ere bai. Eta ez bakarrik eskatzen duen lan fisikoagatik, karga eta erantzukizun emozional handiko dedikazioa ere bada eta. Hala, zeregin horretan ari diren emakume askok bere buruari eskaintzeko denborarik ez duela onartzen dute.

  Andraitzek  “Emakumeon Jabekuntza eskola” programaren baitan antolatu duen tailer honen helburua, zaintzaile rolaren inguruan gogoeta kritikoa bultzatzea da. Pertsona bakoitzaren bizitza eta zahartzaro atsegin baten eskubideaz, norberarendako denbora hartzeko eskubideaz eta harremanak berdintasunetik eta errespetutik negoziatzeaz eztabaidatuko da besteak beste.

  Tailerra, Kontxi Lopez Soria, gerontologiako esku-hartze psikosozialeko teknikariak dinamizatuko du. Berak azalduko ditu bihar tailerraren nondik norakoak. “Nitaz arduratu, zutaz arduratu” tailerraren aurkezpena, bihar goizeko 11etan egingo da Bidebarrieta kalean dagoen erabilera anitzeko aretoan. Gaiaz interesa duten guztiak bertaratzera gonbidatzen dira.

Iturria: Oñati irratia

Irudia: Andraitz Emakume Talde Feminista