Elurra 500 metrora egin dezakeela eta, udal baliabide teknikoak gertu eta arduradunak adi daude

2021/03/18
Udal brigadako langileei asteburuan lokalizatuta egoteko eskatu zaie

  Bihar arratsaldean elur kota 500-700 metrora jaistea aurreikusten dute eguraldi iragarpenek. Larunbaterako berriz, hotz handiagoa eta ondorioz elur kota baxuagoa aurreikusten da baina prezipitaziorik apenas. Martxoa gainera aurrera doa eta egunak asko luzatu dira. Horrek guztiak pentsarazten du elurra bota-bota dezakeela baina ez duela aparteko arazorik sortuko. Dena den, eta neguko protokoloan zehaztutakoa beteaz, udal baliabide teknikoak prest daude eta lan-taldeak eta arduradunak adi.

  Eguraldi iragarpenak ikusita elurra goiko auzoetan egin dezakeela ikusi da eta baserri bideak garbitzeko ibilgailuak prestatu dira. Horiek gidatzeko udal brigadako bizpahiru langile nahikoak dira eta abisua eman zaie. Ez-usteko handirik ez badago, ez dirudi elurra beheko auzoetara edo herri gunera iritsiko denik, ondorioz, ez da bestelako neurri gehigarririk beharko. Baina badaezpada, garbiketa lan horiek nork eta nola egin ere aurreikusita dago.

Iturria: Oñati Irratia

Elurra Duru inguruan, goizean (Arg: Mikel Kortabarria)