Eltziako tabernako esleipena eztabaidatzeko Osoko Bilkura berezia egingo da arratsaldean

2018/01/11
Abenduko batzarrean mahai gainean utzi zen gaia

  Orduan jada, urtarrilean eztabaidatzeko bilkura berezia egitea adostu zuten udalbatzako bi taldeek eta hala egingo da  19:00tatik aurrera. Eltziako tabernarena aztergai bakarra izango da, aurreko bileraren agiriaren onespenarekin batera.

  Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik. Zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia finkatu du udalak baldintza plegoan. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara ireki beharko da eta larunbatetan goiz eta arratsaldez: 10:00etatatik 14:30tara eta 16:00etatik 20:30etara. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua izango da. Egutegiari dagokionez, astean gehienez ere egun batez, hau da, 24 orduz, itxi ahal izango da. Asteko atsedenerako eguna Oñatiko Udalarekin adostuko da eta udalak oniritzia eman beharko dio. Esleipendunak oporrengatik urtean 30 egunez establezimendua ixteko eskubidea izango du. Taberna-kafetegia zabalik dagoen bitartean, Eltziako sarrera nagusiko atea  eta Topagunetik klaustrorako atea ireki eta ixteaz arduratuko da. Taberna-kafetegia zerbitzua eman ez ezik, gunearen garbitasun eta mantenimendua ere egin beharko du.

  Lizitazio aurrekontua hileko 50 euro gehi BEZa da. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko  dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzerakoan irizpide nagusia. Epaimahaiaren balorazioan gehienez lortu ahal izango diren 100 puntutik 51, eskaintza ekonomikoaren araberakoak izango dira, proposamenaren balio teknikoak gehienez 44 puntu eskuratzeko bidea emango du eta proposatutako hobekuntzek berriz, beste 5 jasotzeko aukera emango dute. Behin esleipena eginda, lizitatzaileak gutxienez 100.000 euroko erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du.

  Gaurko Osoko Bilkura berezian aztertuko den kontratazio baldintzetan, hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira. Hala, zerbitzariek euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahozko trebetasunean. Gainera, inprimakiak eta oharrak euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko ditu.

  Eltziako tabernako esleipena eztabaidatzeko pleno berezia deitu da arratsalderako. Aurrez, eta tokiko gobernu batzarrean,  Eltziako garbitasun orokorraren gaia aztertuko da. Egokitze lanak amaitu ondoren, erabiltzaileak beren ohiko geletan instalatu aurretik, eraikinaren garbiketa orokorra egitea  komeni baita. 

Iturria: Oñati Irratia