Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeari buruzko informazio ematen jarraitzen dute udaletxean

2018/04/17
Zerbitzua lizitatzearen inguruan sortu ziren zalantzak argitzeko Partaidetza teknikariarekin berba egin behar da

  Gaiari buruzko bilera irekia egin zen pasa den astean udaletxean eta 5 lagun hurbildu ziren. Hasieran ordea, interesa, gehiagok azaldu zutela jakinik, zalantzak argitzeko aukera eskaintzen jarraitzen dute, laster abiatuko den lizitazio prozesu berrira jende gehiago aurkeztu dadin. Izan ere, prozedura eta hizkuntza administratiboak zalantza eta kezka ugari sortu zituela ikusi baitzuten udal arduradunek. Horregatik, bigarren deialdia argitaratu aurretik izan daitezken kezkak uxatu eta zalantzak argitu nahi dira.

  Partaidetza teknikaria ari da interesatuen zalantzak argitzen, konplexuak iruditu daitezkeen tramite administratiboak modu xamurrean azaltzen. Galderaren bat, argibideren bat nahi duenak udaletxera telefonoz deituta Onintza Andresekin berba egin edo hitzordua eskatu dezake.

  Lizitazio berrirako oinarriak errebisatzen ari dira, tramitazioa ahal den heinean sinplifikatzen, baina zenbait baldintza eta betebehar zeudenetan mantenduko dira, hizkuntza eskakizunarena, esaterako. Aurrez, dena den, zalantzak sortu dituzten puntu eta gaiak argitu daitezke. Aste honetan, halako kontsultak erantzuten arituko dira Partaidetza departamentuan.

Iturria: Oñati Irratia