Eltzia kudeaketa eredua definitzeko fasean sartzear dago

2015/09/17
Prozesua azaltzeko bilera irekia egingo da datorren asteartean eta ondoren, hiru saio trinko burutuko dira

  Fase berri honetan ere, parte-hartze dinamika jarraituko da eta egun nahiz etorkizunean eltzekide diren eta izan daitezkeenei bertaratzeko gonbidapena luzatu zaie.

  Ikasturte berriari hasiera emanez eta kudeaketa eredua definitzeko fasea irekiz, bilera irekia egingo da datorren asteartean, hilaren 22an. Bertan, orain arteko ibilbidearen balorazioa egingo da, udaletxean astean entregatu den proiektu arkitektonikoa aurkeztuko da eta kudeaketa eredua definitzeko lanketa prozesua nola egingo den azalduko da.

  Lanketa prozesuan hiru bilera trinko egitea aurre ikusten da. Batzarrak urriaren 24an, azaroaren 21ean eta abenduaren 12an egingo dira. Bilera hauetan kudeaketarako aukera ezberdinak proposatu, aztertu eta zehaztuko dira. Horretarako garrantzitsua izango da dagoeneko Eltzian dauden erabiltzaileen esperientzia, eurek kudeaketa modu bat frogatu baitute. Horrek ez du esanahi aurrerantzean hala egiten jarraitu behar denik. Baina bidean suertatu diren arazoak eta eman diren konponbideak baliogarriak izango dira etorkizuneko eredua zehazterakoan.
Hiru saio horiek larunbatez egingo dira eta egunero hiru orduko jardun dinamikoa planteatuko da. Baina xehetasunak astearteko bileran azalduko zaie talde guztiei.

  Bilera ireki horretan ere, astean udaletxean jaso den proiektu arkitektonikoa aurkeztuko zaie elkarte eta taldeei. Proiektua garatzeko irizpide nagusienetakoa izan da talde bakoitzari bere jarduera aurrera eramateko ezaugarri hoberenak eskaintzen zizkion espazioa egokitzea. Lanak, musika taldeak hartuko dituen erdi sototik hasi dira baina beste guneen egokitzapena, datozen hilabete-urteetan egingo da.

  Eltzian, gaur egun 17 elkarte eta talde biltzen dira baina etorkizun hurbilean beste horrenbeste hurbiltzea espero da, tartean, musika taldeak. Guztiei zuzendu zaie Eltziak izango duen kudeaketa eredua definitzen hasteko astearteko bilera irekian parte hartzeko gonbidapena. Eltzian, 19.00tan izango da.

Iturria: Oñati Irratia