ELTZIA, ETEOko eraikin zaharraren etorkizuna zehazteko prozesuan, egitasmoa definitzeko bateratze saioak egingo dira bihar eta hilaren 28an.

2014/05/13
Maiatzak 14 eta 28 garrantzitsuak dira ELTZIA-rentzat, bi egun horietan Bateratze saioak egingo baitira esan bezala.

  Orain arte ibilbidean, ETEO eraikin zaharrean lekua izango luketen talde eta kolektibo ezberdinak identifikatu eta hauek elkarrekin lanean hasi ziren zituzten beharrak eta bata besteari zer eskaini ziezaioketen zehaztuz.  Prozesuan 5 Eltze nagusi osatu ziren eta hauen iritziak jaso ondoren, guztia elkarbanatzeko momentua iritsi da, ETEO zaharrari etorkizunean emango zaion erabilera guztion artean adostu ahal izateko.

  Alde horretatik, martxoa eta apirila hilabete emankorrak izan dira. Esan bezala, ELTZIA egitasmo nagusia osatuko duten “sormen eltzia”, "herri mugimenduen eltzia", "gorputz eltzia", "musika eltzia", "auzo eltzia" eta "udal eltzia" eratu ziren eta eltze bakoitzarekin bi lan saio egin ziren. Lehenengoan, espazioan zer egon behar den identifikatzen saiatu ziren eta bigarrenean berriz, espazio honek nola funtzionatu behar lukeen eta nola kudeatu beharko litzatekeen eztabaidatu zen.

  Maiatzeko bigarren hamabostaldi hau esanguratsua izango da, bateratze saioak egingo direlako. Orain artekoa aurkeztu eta kide, eragile eta bidelagun guztien artean aztertu, eztabaidatu eta adosteko garaia heldu da. Eltzekide guztien artean etorkizuneko proiektuaren oinarriak jarriko dira. Bihar arratsaldean egingo den lehen bateratze saioan, zer-nolako espazioak eta azpiegiturak egon behar diren eztabaidatuko da eta hilaren 28an, nola kudeatu eta funtzionatu beharko lukeen Eltzia proiektuak.

  Batzarrak, arratsaldeko 7etan ETEO eraikin zaharrean egingo dira eta aurretik egindakoen antzera bateratze saio hauek ere irekiak izango dira interesa duen edonork parte hartu dezan.

Iturria: Oñati irratia