Elisa Gallegoren eta Antonio Guerraren egitasmoak aukeratu ditu ARGI festibalak Arantzazun erakusteko

2019/02/07
Mostra prestatzeko egonaldi artistikoa egingo dute Arantzazun bertan

  Juan Biain, Itziar Bastarrika, Jon Cazenave eta Lurdes R. Basolík osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du ARGI Arantzazu deialdiaren saria Elisa Gallego Picard eta Antonio Guerra argazkilariei ematea. Erabakia hartzerakoan proposatutako gaiarekiko koherentzia, bi proposamenen arteko elkarrizketarako ahalmena eta Arantzazuko kultura eta naturaren testuinguruan lanek duten garapenerako gaitasuna baloratu ditu epaimahaiak.

  Elisa Gallego Picard-ek eta Antonio Gallegok martxoaren 15etik 29ra osatuko dute euren egonaldi artistikoa Arantzazun, apirilaren 12an Gandiaga Topagunean zabalduko den erakusketa prestatzen. Bi egileak ARGI ARANTZAZUKO komisarioekin, Lurdes R. Basolírekin eta Jon Cazenaverekin elkarlanean arituko dira eta bide batez, Juan Pablo Huércanosekin eta Erika Goyarrolarekin lan saio bana egingo dute.

  Elisa Gallego Picard galiziarra arkitektoa da formazioz eta artista bisualtzat du bere burua. Arkitektura eta argazkigintza sarritan elkarlotzen ditu bere lanetan. Arantzazura Maqueta de un paisaje egitasmoa aurkeztu du. Argazkilariak berak azaldu duenez, lekua, lurraldetasuna eta gizon eta emakumeak, horien parte diren aldetik, nola harremantzen diren eta harreman horiek nola aldatzen diren kontzeptuan sakondu nahi du. Antonio Guerra berriz, Zamorako argazkilaria da. Comportamiento para un simulacro proiektua aurkeztu du. Paisaian dauden elementuen, ordenaren eta beraien arteko erlazioaren inguruan hausnartzeko bidea zabaldu gura du. Elementu edo material bati ematen zaion esanahi sinboliko edo emozionalean sakondu nahi du. Ideia horietan sakontzeko aukera izango dute Guerrak eta Gallegok Arantzazuko egonaldi artistikoan.

  ARGI festibaleko epaimahaiak jasotako proposamenen kalitate altua azpimarratu du. Guztira, 164 proiektu aurkeztu dira eta bi aukeratu dituzte baina beste lau egileren lanak bereziki aipatu nahi izan dituzte: David Inclán Gonzalez-Nuñezek; Argiñe Escandón Pérezek, Marcos Goymil Salasek eta Oihana Garitano Korkostegik aurkeztutakoak hain zuzen ere. Aipagarria da, aurten hautatu den Antonio Gerraren lana bereziki aipatu zuela epaimahai horrek berak, orain bi urte.

Iturria: Oñati Irratia

Elisa Gallegoren argazkia