Oñatiko udala

EH Bilduk zerrenda ia guztiz berria osatu du udal hauteskundeetarako

2019/04/08
Card image cap
Susana Altuna eta amaieran agertzen den Mikel Biain dira 20ko zerrendan egungo hautetsi bakarrak

  Izaro Elorza buru eta Mikel Biainek ixten duten zerrenda osatuz hauek dira EH Bilduk udalbatzarako proposatzen dituen hautagaiak, alfabetikoki ordenatuta: Ander Aberasturi Elokorobarrutia, Nerea Agirre Garcia, Susana Altuna Ugarte, Maite Anton Leno, Mertxe Arregi Erostarbe, Jose Luis Fernandez Maure, Amaia Goitia Añorga, Karmeko Guridi Gallastegi, Xabier Igartua Loidi, Axier Iraeta Izagirre, Alaitz Kortabarria Igartua, Iñaki Olalde Altzelai, Iker Oñate Aiastui, Aritza Rueda Alzola, Santi Ugarte Maiztegi, Bixente Urrutia Elexpuru eta Anik Zubizarreta Arturo.

  Bakoitzak zerrendan zein leku izango duen ez da jakinarazi, hori, aurretik ezer esaten ez bada, hautagaitza ofizialak argitaratzen direnean ezagutuko da. Baina izenei erreparatuta, esan bezala, zerrenda ia guztiz berria da, orekatua, gizon eta emakumeak parez pare, eta gazteak zein esperientzia handikoak tartekatzen direlarik.

  Izaro Elortza alkategaiak aurkeztu zituen udalerako hautagaitzan lagun izango dituen gainontzeko ordezkariak larunbat eguerdian Gaztelekuan egin zen ekitaldian. EH Bilduren proiektuak pertsona lehenesten duela  azpimarratu zuen. Zentzu horretan, oñatiar guztien bizitza kalitatea hobetzeko ahaleginean jarraituko dutela esan zuen. Askatasuna eta guztien arteko berdintasun erreala, bere kultura sustatzen duen jendartea eta amalurra errespetatzen duen jendartea dira EH Bilduren proiektuko beste hiru ardatz nagusiak, Elortzaren hitzetan. Proiektua eta helburuak zehaztuta, horiek bideratzeko ardura hartuko duten pertsonak ezagututa, hurrengo hauteskundeetan aurreko emaitzak berrestea soilik falta dela esan zuen Izaro Elorza alkategaiak.

  Gaztelekuan egin zen ekitaldi politikoan EH Bilduko beste hainbat hautagai eta hautetsik ere berba egin zuten. Foru hauteskundeetarako zerrendaburu Juan Karlos Izagirrek, herria herritik, behetik gora egin behar dela azpimarratu zuen. Espainiako Kongresurako diputatugai den Nerea Zubiak, lanerako gogoz, indarrez eta prest dagoen taldeko kide dela esan zuen. Apirilaren 28ko hauteskunde horiek gogoan berba egin zuen baita ere Maddalen Iriarte legebiltzarkideak. Dagoeneko bizi dugun hauteskunde zikloan, apirila amaierako lehenengo hitzordua oso garrantzitsua dela esan zuen txanpa handiagoa izango den maiatzekoari egoki aurre egiteko. Eta Madrilen ere EH Bildu determinantea izango dela gaineratu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!