EH Bildu pandemiak ekarritako egoera lazgarriaren erabilera alderdikoia egiten ari dela salatu du EAJren udal taldeak

2020/11/20
Murriztuta dauden jarduera ekonomikoei laguntzeko hainbat proposamen aurkeztu dio alkateari

  EH Bilduren jarrerarekin harrituta daudela azaldu dute jeltzaleek prentsara zabaldutako oharrean eta salatu dute pandemiaren lehen agerraldian itxiera osoaren alde egin zutela eta, orain, bigarren agerraldian neurri murriztaileak hartu direnean, ez dituztela babesten. Era berean, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak ezer egiten ari ez direla esatea gezurra izateaz gain egoeraren erabilera politiko alderdikoia egitea dela diote jeltzaleek. Hipokresia eta eskrupulutik gabeko erabilera politikoa baztertuta elkarlanerako momentua dela aldarrikatzen du EAJren udal taldeak eta oposizio eraikitzailea egiten saiatzen ari direla adierazten du.

  Ostalaritzari laguntzeko berehalako neurriak proposatu dizkio EAJk alkateari: Covid-19ak eskatzen dituen neurrietara egokitzeko inbertsioetarako diru-lerroa sortzea, merkataritza eta ostalaritzaren digitalizaziorako formakuntza programa abian jartzea, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak jardueraren eteteak eragindako kalteak arintzeko, datorren urterako onartu diren udal tasa eta zergen igoera indargabe utzi eta izoztea, terrazak handitu ahal izateko arauak berrikustea, kontsumoa sustatzeko bonoak eta ostalaritzako lan-mahai sektoriala sortzea dira, besteak beste.

  Herritar guztien alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dute jeltzaleek idatzian. Adierazpenaren hasieran berriz, elkartasuna azaltzen diete Covid-19ak zuzenean eragin dieten herritar guztiei, gaixotu direnei, hil direnen senitartekoei eta baita pandemiak ekarri dituen ondorio ekonomikoak zuzenean pairatzen ari direnei, jarduera etenda edo murriztuta dutenei, ERTE egoeran edo lanik gabe geratu direnei. Guztiei elkartasuna, babesa eta konpromisoa helarazi nahi diete EAJren udal taldeko kideek.

Iturria: Oñati Irratia